Pello Bilbao: "Veronara heltzea liberazioa izan da niretzat"
Pello Bilbao gernikarrak bosgarren amaitu du Italiako Giroa, Mikel Landaren mesedetan aritu ostean. Bere talde Bahrain Victoriousek taldekako sailkapena irabazi du, eta taldeko kidea Santiago Buitragok mendiko etapa eskuratu du.
Pello Bilbao Lopez de Armentia txirrindulari gernikarrak bosgarren postuan amaitu du Italiako Giroa. Lorpen horregaz, Bahrain Victorious etxeko ziklistak erremate bikaina eman dio denboraldiaren lehen erdiari. Bere taldea, gainera, lasterketako indartsuena izan da, eta lorpen handiak erdietsi ditu: podiumeko hirugarren postua eroan dute Mikel Landa Meana arabarragaz eta mendiko etapa garaipena, aldiz, Santiago Buitrago kolonbiarragaz. Hori gutxi ez, eta Bahrain Victoriousek taldekako sailkapena ere lortu du, Bora Hansgrohe eta Ineos Grenadiersen aurretik.
Bilbaok aurtengo Giroaren balorazio “oso positiboa” egin du, baina argitu du “mugan” amaitu duela itzuli italirra: “Erorketa bi izan ditut, eta, bigarrenean, min hartu nuen saihetsean; horrek Giroa bai fisikoki, bai mentalki oso justuki amaitzea ekarri zidan, hirugarren astean ezin izan bainuen gustuko dudan estilo erasokor eta agresiboan lehiatu. Beraz, Veronara heltzea liberazioa izan zen niretzat”. Ez da gehien gozatu izan duen Giroa, adierazi duenez, taldeari ezin izan baitio “gura beste” lagundu azken etapetan.
Sentsaziorik onenekin amaitu ez arren, Bahrain Victoriousek Giroko irteera lerroan zehazturiko jomugak bete ditu. Helmuga horiek hain maila onean betetzea, baina, “ez da sorpresa” Bilbaorentzat: “Ez nau harritzen lortu dugunak. Taldeak lehiatu dituen azken itzuli handiak oso oparoak izan dira, eta, beraz, lasterketaren ertz denetan protagonista izateko intentzioagaz hasi genuen”. Hain zuzen ere, Giroan lortutako UCI puntuek Bahrain Victorious UCI World Tourreko taldekako sailkapeneko lehen postura hauspotu dute.
“Ez nau harritzen lortu dugunak, taldeak lehiatu dituen azken itzuli handiak oso oparoak izan baitira”
Aurtengo Giroak erasoaldi gutxi izatearen kritikak jaso ditu, eta Bilbao bat dator horiekin: “Ez da Girorik ikusgarriena izan ikusleentzat, baina argi utzi behar da erasoaldi kopurua jaisteagaz batera batezbesteko abiadurak igo egin direla eta, horregaz batera, zenbait taldek eustera joateko indarra baino ez dutela eduki, erasora jo barik”. Izan ere, abiadura jaun eta jabe izan da 2022ko corsa rosa-n: hiru egunetan, erreskadan, 45 kilometro ordutik gorako batezbesteko abiadura lortu du tropelak. Abiadura handi horrek trantsiziozko etapa lasaiak “dezente gutxiagotzea” ekarri du: “Etapa lauetan ere denbora luzea behar izan da ihesaldiak egiteko eta, beraz, trantsiziozko egunetan ere sailkapen orokorreko ziklistek higadura fisikoa izan dute”.
Jai Hindlayk irabazi du Giroa; Bora Hansgrohekoa Giro irabazi duen lehen australiarra izan da, baina borroka estua izan du Richard Carapaz ekuadortarragaz. Bilbaoren ustez, Carapaz eta bere talde Ineos Grenadiers “nagusi” izan ziren Torinoko etapara arte: “Egun hartan oso sendo ikusi nuen, eta nik neuk ere lan handia egin behar izan nuen bere ihesaldiaren aldea murrizteko eta lasterketa irekita mantentzeko. Egun horretatik aurrera, Carapazek beherakada izan zuen, eta Hindlayk, ostera, gora eta gora baino ez zuen egin; azken etapara, gainera, puntutxo extra bategaz heldu zen, eta bere aukeran bikain baliatu zituen”. Era berean, gazteen sailkapena lortu duen eta hainbat egunez elastiko larrosa jantzi duen Juan Pedro Lopezentzat berba ederrak baino ez ditu gernikarrak: “Giro honetako ezustekoetakoa izan da; lehen hamarretan amaitu du, protagonista izan da, eta bere kirol ibilbidean aurrerapauso itzela egin du”.
“Juan Pedro Lopez Giro honetako ezustekoetakoa izan da”
Etxekoen berotasuna. Bahrain Victoriousekoa “eskertuta” ageri da ikusleek Giro osoan zehar eman dioten berotasunagatik, baina, batez ere, hirugarren eta azken astean erakutsi dioten “elkartasun eta babesagatik”: “Euskaldun jende ugari ikusi genuen mendiko etapa handietan eta baita herriko nahiz kuadrillako adiskideak ere. Sortu duten giro ederrak taldekideak zur eta lur utzi ditu, eta hurreratutako denei bihotzez eskerrak eman besterik ezin dut egin”.
Giroagaz, Bilbaok denboraldiaren lehen erdi “oso polita” amaitu du. Aurten ez du prestaketa lasterketarik lehiatu, denetan “ahalik eta lehiakorren” agertu baita. Hondarretan, Arabiar Emirerri Batuetako desertuan, abiatu zuen denboraldia, eta Veronako anfiteatroko hareatzan amaitu du. UAE Tourrean, 2022ko lehen proban, hirugarrena izan zen, Tadej Pogacarren eta Adam Yatesen atzetik; ondoren, Valentziako Itzulian maila onean ibili zen; Itzulian, ostera, etapa garaipen handia lortu zuen Amurrion, munduko txapeldun Julian Alaphilippe menpean hartuta; Alpeetako Tourrean beste horrenbestez egin zuen; eta, azkenik, Giroan bosgarren izan da.
“Taldeak sekula egin ez dudan bidea proposatu ditu denboraldiaren bigarren zatirako”
Denboraldiaren bigarren zatiari dagokionez, seguru asko, ez da Espainiako Itzulian izango. Horren ordez, “programazio alternatiboa” egingo du: “Taldeak sekula egin ez dudan bidea proposatu dit bigarren zatirako. Besteak beste, Poloniako Itzulia, Beneluxkoa, Quebec eta Montrealgo Sari Nagusiak eta denboraldi amaierako egun bakarreko italiar klasikoak dauzkat aurreikusita”. Artean, Bilbao atsedenari eta burua zein gorputza errekuperatzeari emana dago jadanik: “Etxera itzuli, eta lehenengo egin dudan gauza Lagara joatea izan da, itsasoaren aurrean lasai egotera”.