Gernika Rugby Taldeko 16 urtez azpikoak, Euskal Ligako garaile
Bera Beraren kontra jokatu dute Euskal Ligako finala eta, lehia estuaren ondoren, irabaztea lortu dute.
Gernika Rugby Taldeko 16 urtez azpiko mutilen taldeak Euskal Ligan garaipena eskuratu du. Bera Bera taldearen kontra jokatu zuten, joan den asteburuan, finala, Elorrioren zelaigunean. Taldeko entrenatzaile Joseba Olaetak adierazitakoaren arabera, “formazioa eta hezkuntza” barnebiltzen dituen konpetizioa da Euskal Liga. Multzo bi antolatzen dira, eta talde bakoitzak, bera batezbesteko maila kontuan izanda, multzo batean edo bestean ematen du izena. Gernika RT lehen multzoan lehiatu da, goreneko mailan.
Final gogorra jokatu zuen talde gernikarrak Elorrion, “Bera Bera maila oso handia duen taldea baita”. Olaetak azaldu du lehendabiziko mailan hiruzpalau puntu eskuratu zituztela, eta aurkariak, aldaketa batzuk egin zituenean, maila are hobea erakutsi zuela bigarren aldian. Dena dela, “argi eta garbi, hobeak” izan zirela adierazi du.
“Maila handiko finala izan arren, argi eta garbi, hobeak izan ginen”
Maila handiko konpetizioa. Finalean garaipena eskuratu arren, Olaetak aitortu du Euskal Liga “lehiaketa gogorra eta mailakoa” dela. “Urrian hasi genuen lehia eta, orduz geroztik, talde oso sendoen kontra jokatu dugu: Zarautz, Gaztedi, Getxo, Bilbao, Elorrio, Durango eta abar”. Lehiaketaren gogortasunaz harago, formazio kategoria horretako arazo nabarmenena, Olaetaren iritziz, “jokalari eskasia” da: “Ume gehienak futbolera apuntatzen dira eta, bigarren maila batean, saskibaloia edota esku pilota moduko kiroletara. Hori dela eta, hainbat gurasok errugbia kirol basatia dela uste dute, eta, hain zuzen, ezjakintasun horren aurka ere behar egiten dugu”.
“Hainbat gurasok errugbia kirol basatia dela uste dute, eta ezjakintasun horren aurka ere behar egiten dugu”
Horrez gain, eskarmentu pedagogikodun jendea falta dela adierazi du entrenatzaileak: “GRTn Jokin Eskolarren eredua dugu; egundoko lana egiten du, eta bera moduko gehiago beharko genituzke formazioaren testuinguruan lanean gabiltzanok”.