Berotze globalak kostaldean sortzen dituen arriskuak saihesteko teknologiak aurkeztu ditu AZTIk
Teknologia horiek Euskal Herriko kostaldeko hainbat herritan ari dira probatzen, Bermeon tarteko. AZTIren esanetan, berotze globalaren ondorio larrienetako bat da itsasoaren batez besteko maila handitzea.
Klima aldaketak kostaldean duen inpaktua monitorizatzeko eta aurreikisteko tresna berriak aurkeztu ditu AZTI zentro teknologikoak. Arazo honen aurrean aurkeztu dituen irtenbideak Marlit proiektuaren emaitza izan dira. Proiektuan zehar diseinatu dituzten tresnak probatzen ari dira dagoeneko Bermeon, Zarautzen, Mutrikun eta Donostian, Euskalmetek egiten duen erabileraren bidez.
Berotze globalak kostaldean dituen ondorio garrantzitsuenetako bat da itsasoaren batez besteko maila handitzea; arazo hau arrisku handia izan daiteke kostaldeko populazioentzat. Horregaitik, arazo honen aurrean irtenbideak bilatzea erronka handia bihurtu da administrazio publikoarentzat.
Marlit proiektuaren helburua izan da ekaitzek kostaldean duten eragina ebaluatzeko eta aurreikusteko erabiltzen diren tresnak “hobetzea eta automatizatzea”, teknologia berriak erabilita; “ondorioak arintzera bideratutako neurrien diseinuan aurrera egin ahal izateko, epe laburrean zein ertain eta luzean”.
Ekimen honetako emaitzak lortzeko, Euskal Herriko eta Kataluniako kostaldean egin dituzte azterlanak; horretarako ekaitzek itsasertzean duten inpaktuari buruzko tokiko informazioa zehatza biltzen duen datu-base handi bat garatu dutela azaldu dute. Horrez gain, tresna teknologiko berriak edota olatuen uholde-prozesuak modu fidagarrian erreproduzitzeko gai diren eredu informatikoak ere garatu dituzte.
Pedro Liria AZTIko ozeanografian aditu eta Marlit proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez,”datu eta soluzio horiek konbinatuz gero, kostaldeko arriskuak tokian-tokian nola eboluzionatuko duten ebaluatu ahal izango dugu, eta, gainera, neurri espezifikoak identifikatu ahalko ditugu, lurralde bakoitzeko administrazio publikoek ezar ditzaten”.
Neurri berritzaileak. Jakitera eman dutenez, AZTIko ikerketa taldea lanean aritu da denboraleek kostaldean duten eragina arindu eta murrizteko neurriak identifikatzen eta ebaluatzen.
Egindako lan horren ondorioz, neurrien katalogo bat egin dute; aplikazioaren bidegarritasuna baloratuz eta administrazio publikoek ekar diezaiekeen kostu ekonomikoa simulatuz.
Aztertutako eta epe laburrean kokatzen diren ekintzen artean, honako hauek daude: harea erabiltzea dikeak edo hesiak eraikitzeko, duna-zelaiak edo poltsak eraikitzeko, olatuak geldiarazteko eta kostaldeko populazioetan duen eragina mugatzeko bereziki diseinatuak.