Pablo Gonzalez askatzeko eskatu du Gernika Memoriaren Lekukok
Gonzalezen espetxeratzea prentsa askatasunaren kontrako erasoa dela adierazi du Gernika Memoriaren Lekukok. Plataformako kideek esan dute beste herrialde bateko ezarpen judizial baten menpe egotea "muturreko" egoera bat dela, eta "oinarrizko eskubideak urratzen" dituela.
Poloniako Przemysleko lurralde auzitegiak Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarraren prebentziozko espetxeratzea hiru hilabetez luzatzea erabaki du, fiskalaren eskaerari kasu eginda, leporatutakoarekiko informazio “zehatzik” eman barik, eta defentsa abokatuei ezelako dokumentaziorik eman barik. Egoera horren aurrean, Gonzalezen “berehalako” askatzea exijitu du Gernika-Lumoko Memoriaren Lekuko Plataformak: “Euskal Herrian bere hurkoekin egotea ezinbestekoa da”.
Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkaz informatzen ari zela, eta, hasieratik, Poloniako justizia aplikatu diote, eta isolamendu egoeran bizi izan da geroztik, erabat inkomunikaturik. Senideek ez dute haren berririk izan, eta hori guztia Europako herrialde batean gertatzen ari dela salatu dute platafomako kideek: “Izan ere, Europar Batasuneko kide modura derrigor errespetatu beharko lituzkeen eskubide ugari urratu ditu Poloniak; besteren artean, Gonzalezi familiarekin edo konfiantzazko abokatu batekin harremanetan jartzen uzteko eskubidea urratu dio”.
Egoera horren aurrean Europar Batasunak eta Espainiak duten “utzikeria” salatu dute plataformakoek, besteak beste, Poloniari ahalbideratu diotelako “Oinarrizko Eskubideen Karta ez betetzea“, nahiz eta dokumentu hori loteslea izan Europar Batasuneko herrialde guztietan.
Kazetariak bizi duena prentsa askatasunaren aurkako “erasoa” dela adierazi dute: “Gatazka guneetan sarri ibilitakoa da Gonzalez, eta horrelako testuinguruetan gertatzen dena ezagutzeko eta informatzeko eskubidea du, baita han lan egitekoa ere. Ulertezina da hilabete hauetan guztietan bizi duena”.
Hori dela eta, elkartasuna adierazi diote Gonzalezi, baita bere senideei, hurbilekoei eta herrikideei ere. Esan dute beste herrialde bateko ezarpen judizial baten menpe egotea “muturreko” egoera bat dela, eta “oinarrizko eskubideak urratzen” ari direla.
Plataformakoek hainbat kazetarik –tartean Euskal Herrikoak– abiatu zuten Free Gonzalez kanpainagaz bat egin dute, eta eskatu dute argitu dezatela gertatutakoa eta “berehala” utz dezatela kazetaria aske.