26 egur lote banatu ditu Nabarnizko Udalak
Banatu diren egur loteak lurrean zabal daude zatituta, eta zortedunak egokitu zaion lotea epe baten barruan batu beharko du. Zuhaitzen banaketa eta mozketa baso lanetako enpresa batekin egin dute, eta 1.320 euroko aurrekontua izan du.
Azken bost urteetan egin modura, sutara botatzeko egurra herritarren artean banatu du Nabarnizko Udalak. Herriko mendi publikoetan lortutako egurrezko 26 loteak zozketa bidez banatu ditu zozketan izena eman duten 20 herritarren artean; iaz 18 lote zozkatu zituzten. “Aurten, eskaera egin dutenak baino lote gehiago egon direnez, 20tik 6 eskatzailek bi lote jaso dituzte, zozketa bidez”, zehaztu dute udal agintariek. Banatu diren egur loteak lurrean zabal daude zatituta, eta zortedunak egokitu zaion lotea epe baten barruan batu beharko du.
Herriko mendi publikoetan dauden pagadi batzuetan egin dituzte mozketak, gune batzuetan, eremuko lehenengo mozketak eginez eta beste batzuetan, berriz, bigarrenak. Arduradunek jakinarazi dutenez, lehenengo aldiz moztu dituzten zuhaitzen eremuan, beheko adarren inauzketa ere egin dute, horien hazkundea hobetzeko helburuz; 16 eta 22 urte dituzten zuhaitzen gunean izan dira lanok eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendi Zerbitzuak egin ditu, euren aurrekontuarekin. Mozketak egin dituzten beste guneak udalaren ardura izan dira, eta 30 urteko zuhaitzak dauden tartean gauzatu dituzte; zehaztu dute aldundiko mendi zerbitzuetako arduradunen oniritziagaz eta basozainen laguntzagaz markatu eta sailkatu dituztela zuhaitzak.
Zuhaitzen banaketa eta mozketa baso lanetako enpresa batekin egin dute, eta 1.320 euroko aurrekontua izan du. Zozketarako egur loteen prestaketa eta eremuak zintarekin markatzearen lana udalak egin du.
Hain zuzen ere, zuhaitzak tartekatu eta itxura edo egoera txarrenean daudenak moztu dituzte. “Izan ere, hazi ahala, zuhaitzek espazio gehiago behar izaten dute, baita eguzki gehiago ere. Hala, batzuk kendu ditugu ondo daudenek espazio gehiago edukitzeko. Zuhaitzez betetako eremu guztietan egiten da hori”, azaldu dute.
Egur loteak banatuta, herritarren artean energia ekologikoaren erabilera bultzatzea izan da udalaren asmoa, baita egurra aprobetxatzea eta “betidanik” bertan egon diren zuhaitz mota ezberdinen aniztasuna eta garrantzia azpimarratzea ere, “horien hazkundea hobetzeko lanak eginez”.