Baserri giroa bueltan da, Ereñon, bi urteren ostean
Jende ugari eta jai giroa bildu ditu Baserritarren Egunak, Ereñon. Barazkiek eta produktu ekologikoek deitu dute arretarik handiena azokan, herriko andreek eginiko taloez gain.
Ereñarrek eta inguruko herrietakoek gustora hartu dute 2022ko Baserritarren Eguna. Koronabirusaren pandemia egoerak bi urteko etenaldia ekarri ostean, aurten indar handiz ekin diote egun berezi horren antolakuntzari, eta eguraldi nahiz giro ederrean ospatu dute. Eguna 11:00etan hasi dute, hainbat produkturen erakusketagaz. Arreta gehien deitu dutenak, besteak beste, egurrezko zein beirazko artisau lanak, ukendu eta lurrinak, ortuariak, arropak eta edariak izan dira.
12:00etan Urdaibaiko txakolina dastatzeko parada paregabea izan dute bertaratutakoek, 13:15ean hasitako Kabelinatxe taldearen dantza ikuskizuna orduko. Jai giroan hartu dituzte dantzak, eta modu berberean ibili dira, ondoren, trikiti eta pandero jotzaileak, eremuan zehar. Saltzaileentzat ere egun borobila izan da; esate baterako, Maumako gazta edota ogi ekologikoa eguerdirako bukatuta egon dira. Era berean, zainzuriak, porruak edota Nafarroako barazki menestra izan dira postuetan gehien erosi dituzten produktuak.
Arreta gehien deitu dutenak egurrezko zein beirazko artisau lanak, ukendu eta lurrinak, ortuariak eta arropak izan dira.
Herriko emakumeak, protagonista. Baserritarren Egunak berezitik zerbait baldin badu, herriko andreek prestatzen dituzten odoloste nahiz txorizo taloak dira. Hain zuzen ere, hurreratu direnek begi onez hartu dituzte, eta egun osoan zehar egon dira taloak prestatzen eta zerbitzatzen. Ereñoko bizilagunak ez ezik, Busturialdeko toki ugaritakoak ibili dira plaza eremuan, eta baita Bilbo aldetik etorritako jendea ere. Antolakuntzatik, “oso pozik” agertu dira, etenaldiaren ondoren, jaia berriro egiteagatik, eta “asebeteta“, ostera, Ereñora bertaraturiko jende pilagatik.
ARGAZKI GALERIA HEMEN.
BIDEOA HEMEN.