Anton Gandarias: "Anjel Lekuona etxean dago jadanik"
Anjel Lekuona Garai gudari eta deportatu busturiarraren omenezko ekitaldia egin dute Altamirako plazan. Stolpersteine plaka jarri diote eremu horretan, omenaldi modura. Gainera, ere gorpuzkinak zelan topatu zituzten argitzera eman dute, bere alboan izandakoen senideen aurrean.
Busturiko Udalak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Anjel Lekuona Garairen omenezko Stolpersteine plaka bat jarriko dute Altamirako enparantzan. Lekuona busturiarra 1945. urteko apirilaren 10ean Hradischko (Txekiar Errepublika) izeneko kontzentrazio esparru nazian eraildako deportatua izan zen. Oroimen ekitaldia 12:00etan hasi da, eta hainbat senide, herritar nahiz komunikabide elkartu ditu plaza eremuan; halaber, inguruko herrietatik ere jende ugari bertaratu da ekimenera.
Busturiko alkate Aitor Aretxagak adierazi du ekitaldia “memoria historikoaren alde sakonki egindako lanaren erakusgarria” dela. Gogoan izan du, era berean, ikerketetan lagun izan duten Labayru Ikastegia. Aretxagak azaldu duenaren arabera, Lekuona duela 109 urte jaio zen, eta, bederatzi urte zituelarik, ekitaldia egin duten plaza inguru horixe bera bere jolastokia izan zen; bere jaiotetxea ere eremu horretatik oso hurre zegoen, eta Busturian bertan ikasi zuen bere bizitzako lehendabiziko urteetan. Alkateak Lekuonaren bizitza kronologikoki errepasatu du: “Busturian bizitako umezaroaren ondoren, itsasora egin zuen eta, ostean, jakina, soldaduska egin behar izan zuen; 1936ko guduak, gainera, bete-betean harrapatu zuen Lekuona”.
Ezenarro: “85 urte pasatuta, erakusten jarraitzen dugu giza eskubideak ezin direla inondik inora ere erlatibizatu”.
Hain zuzen ere, gatazka armatu horretan gudari ibili zen Lekuona, bai Ebroko erasoan, bai Belchiten. Ondoren hasi zen, baina, bere erbestealdia: lehenik eta behin, Pirinioetan izan zen, eta Frantzian zegoela atxilotu zuen Gestapoak; Bordeletik Compiègnera eroan zuten atxilo, eta Paris inguru hartan hasi zen bere sufrikarioa. Izan ere, Lekuona kontzentrazio esparru batetik bestera ibili zen, Txekiar Errepublikan erail zuten arte.
Gandarias: “Azken lubakia eraiki beharrekoa da, sortu beharrekoa, memoriarena”
Lekuonaren gorpuzkinen bila jo eta su ibilitako bere loba Anton Gandarias ere oroitzapen ekitaldian izan da. Bere osabaren inguruan mintzatzeko hitza hartu duenean, plazan hunkidura, sentimendua eta isiltasun sakona sortu dute hark esandakoek. Gandariasek, hasieratik, argi eta garbi laburtu du ekimena: “Historia ahaztuz gero, errepikatzera kondenatuta gaude”. Era berean, Busturiko Akordaten taldea eta Añetu mendian egindako memoria jardueraz gogoratu da Gandarias, eta baita Gernikako Lobak taldearen Gernika 2037 memoriaren mapaz ere. “Azken lubakia” izan du ahotan bere esku hartze saioan: “Azken lubakia eraiki beharrekoa da, sortu beharrekoa, memoriarena”. Beste alde batetik, Gandariasek argitu du Lekuonaren errautsak ez dituztela Busturira ekarri, beragaz batera erbestean ibili eta hildako gudari eta lagunen alboan uztea hobestuta; dena dela, “Anjel Lekuona etxean dago jadanik”, adierazi du, malko artean.
Aretxaga: “Ekitaldi hau memoria historikoaren alde sakonki egindako lanaren erakusgarria da”
Frantisek Suchy, zutabe. Lekuonaren errautsak “bakezko erresistentzia ariketa” bati esker identifikatu dituzte. Filmak ekoiztetxeak egindako dokumentala estreinatu dute ekitaldian, hori erakuste aldera. Dokumentalean azaldu dute Lekuonaren gorpuzkinekin jotzeko eta bere heriotzaren inguruabarrak ezagutzeko prozesua zelakoa izan den. Hunkidura nonnahi izan da orduan. Lekuonaren hondarrak Pragako Strasniceko erraustegian daude, beragaz zendutako beste bost gudariekin batera. Gudari horien senideak, hain zuzen, Busturian izan dira. Frantisek Suchy izan zen errautsak lur artean galarazteko ardura izan zuen langilea, Hradischko kontzentrazio eremuan, baina ez zuen horrelakorik egin. Gorpuzkin bakoitza kutxetan gorde zuen, 2.000 kutxa inguru, eta zenbakiz identifikatu zituen. Naziek hori ezagutuko zuten beldurrez, bere semeari zenbaki eta izen zerrenden kopia bat egiteko agindu zion, eta bidezidor horretatik lortu dute informazioa.
Bestalde, Hradischko esparruko ezkatzean behargin ibilitako Gregorio Urangaz ere oroitu dira. Presoen egoera tamalgarria ikusita, azaldu dutenez, “Urangak janari edota koipe beroa ahoan sartzen zituen, eta gatibuei ezkutuan ematen zien”. Busturian, Paristik beren-beregi kotxez etorrita, Urangaren familiakoak ere izan dira, hunkituta. Gandariasek, gainera, Suchyren emaztea, Eva Sucha ezagutzeko aukera izan zuen, eta “une berezia” izan zela argitu du. Memoriaren auziaren gainean lan egiten jarraitzeko beharrizana aldarrikatu du busturiarrak: “Angel Lekuona asko daude oraindik; Euskal Herrian, 300 bat, behintzat”.Gogora institutuko lehendakari Aintzane Ezenarrok “ziklo baten bukaera” aipatu du: “Drama egoeraren barruan, une zoriontsua da hau. 85 urte pasatuta, erakusten jarraitzen dugu giza eskubideak ezin direla inondik inora ere erlatibizatu“.
Stolpersteine harria. Ekitaldiaren azken zatian, Lekuonaren eta beragaz batera erailak izandako gudarien senideek Stolpersteine harlauza bat jarri dute plazan, eta, ohorezko aurresku nahiz agurraren ostean, lore eskaintza egin dute bertaratutako guztiek. Memoriaren omenezko harri horretan Lekuonaren datuak grabatu dituzte eta Txekiar Errepublikako lurragaz egin dute. Apirilean, bertara joan zirenean, jarduera berbera egin zuten, Busturiko Apraize baserriko lurra eroan baitzuten. Harlauza jartzeko orduan, biolin soinua eta hurreratu diren guztien isiltasuna nabarmendu dira, unea oso sentikor eginez. Eliza inguruan egindako kopauagaz amaitu dute ekitaldia. Bestalde, hizlariek azaldu dute Busturiko liburutegian dagoela Angel Lekuonari buruz egindako ikerketa bistaratzen duen txostena, interesa duen edonorentzat ikusgai.
ARGAZKI GALERIA HEMEN.