Motx pailazoa: "Balore desberdinak irakastea da nire helburua"
Ekainaren 3an aurkeztuko du bere burua lehenengoz Motx pailazoak. Ikuskizuna Bermeoko Kafe Antzokian izango da. Sarrerak ‘www.buselektrikue.eus’-en daude eskuragarri.
Nor da Motx ?
Motx orain dela 4-5 urte jaio zen pailazo bat da. Nik 21 urte dauzkat, eta orain dela bost urte, 16 urtegaz erabaki nuen mundu hau probatu nahi nuela. Ez neukan argi mundu honetan sartzea nahi nuenik, eta horregatik hartu nuen probatzeko erabakia. Bi urte beranduago, hamazortzigaz iritsi zitzaidan lehenengo aukera.
Nolakoa izan zen lehen aukera hori?
Lehen aukera Bermeoko Udalaren eskutik irtsi zitzaidan. Euskararen Egunean zerbait txikia egiteko porposamena izan zen, eta baiezkoa eman nuen. Etxeko materialagaz eta punk peluka bategaz egindako ikuskizuna izan zen hura. Pixka bat «desastrosoa» izan arren, feedback ona lortu nuen, eta umeak oso pozik geratu ziren. Ni ere pozik irten nintzen bertatik. Motxek jadanik izen bat lortu zuela ikusita, jarraitzea erabaki nuen. Banekien oraindik pertsonalitatea falta zitzaiola pertsonaiari, baina hori lortu nezakeen. Hori 2019an izan zen. Pandemiaren ondorioz etxean sartu arte, udalak kulturetxean utzi zidan entsegu gela baten ibili nintzen jo ta ke lanean. Ikasturte horretan ez nuen ikasten, eta astean bizpairutan ibiltzen nintzen antzerki teknikan zein pertsonaiaren hobekuntzan.
16 urte horiekin ze ideia zenuen buruan?
Nik txikitatik izan dut buruan pailazo izatearen kontua. Amets bat bezalakoa zen. Baina inguruagatik edo arazo desberdineengatik, beti uste nuen ez zela une egokia. 16 urte betetzerakoan aurrerapauso hori emateko momentua zela pentsatu nuen, eta topera jarri nintzen proiektu honegaz. Lehenengo eta behin, proiektu bat izan nuen buruan. Baina ez zen errealista, eta normala zenez, ez zuen aurrera egin. Bi urteko lana zuen proiektu bat zen, baina ez zuen funtzionatu. Proiektu barri hau 2019ko Euskaraldiagaz bat etorri zen. Euskara batzordean nengoenez, jende berria ezagutzen hasi nintzen, eta horrela hasi zen argia ikusten Motxen proiektua.
Zer gertatuko da ekainaren 3an?
Ekainaren 3an Motx pailazoaren lehenengo ikuskizuna izango da. 45 minutuko formatu txiki baina dinamiko bat izango da. Kantak izango dituen ikusizun dibertigarri bat da.
Zergatik joan beharko du jendeak Motx pailazoaren estrenaildira?
Familia guztiarentzako ikuskizun bat izango da. Egia da 4-8 urte bitarteko umeei dagoela zuzenduta, baina danek pasako dute ederto. Ikuskizunean laguntasunaren gaia landuko da. Nire helburuetako bat da nire ikuskizunetan gai desberdinak lantzea. Alde batetik, pailazoaren aurkezpena izango da. Beste aldetik, laguntasunean aurkitzen diren arazo desberdinak aztertuko ditut. Publikoaren laguntzagaz konponduko ditut arazo horiek.
Ze espero duzu proiektuarengandik?
Ez daukat idea argirik. Ez dakit ezta zenbat iraungo duen. Izan liteke bi urtera nekatzea eta uztea, baina ez dut uste hori gertatuko denik. Berez, mundu hau ezagutzeko abentura bat da. Azkenean erronka bat da, ezerezetik hasiko dudan proiektu bat delako. Horretaz gain, Iker pertsona moduan ausartzen ez den gauzak egiteko askatasuna sentitu nahi dut Motxegaz.
Izan al duzu erreferenterik pailazogintzan?
Euskal Herrian ez dago pailazo askorik. Baina nola ez, Pirritx, Porrotx eta Marimots eta lehenago Takolo izan dira nire eredu. Txirri, Mirri eta Txiribiton edo Pospolo eta Mokolo ere ikusten nituen, baina ni beti izan naiz lehenengo horiena. Pailazogintzan estilo desberdin asko daude. Pirritx, Porrotx eta Marimotsotsek baloreetan oinarritutako pailazogintza lantzen dute, eta nik beti sinistu izan dut pailazogintza horretan.
Antzerkigintzan zure pausotxoak egindakoa zara, ezta?
16 urtegaz pailazogintzan sartu nahi nuela erabaki nuenean, Euskara Sailak antolatzen duen Bermeoko antzerki taldean sartu nintzen. Tailerra, berez, antzerkigintzan lehen pausoak emateko dago eginda. Tailer hari esker hasi nintzen nire lehen pausoak ematen. Nire lehen ikuskizuna Euskaraldiaren amaieran egin nuen, ahots gabeko ikuskizun batean. Gutxinaka-gutxinaka joan naiz gauza berriak ikasten. Antzerkigintzan eman nuen pauso garrantzitsu bat San Joan egunean eman nuena izan zen. Udaletxeko balkoira atera nintzen, eta lehen aldiz horrenbeste jenderen aurrean antzezteko aukera eduki nuen. Nire hurrengo erronka gaur egingo dugun gure produkzio propio bat da. Esan daiteke egin dudan lanik handiena dela.
Nolakoa da ikuskizun baten atzean dagoen lan guztia?
Lan handia dago. Gustatu egin behar zaizu, bestela kokoteraino amaitzen duzu. Ordu asko pasatzen dituzu zure ikuskizunerako ideia berriak pentsatzen. Lan horren ostean feedback on bat ez baduzu lortzen, oso erraza da dena pikutara botatzea. Nire ustez bi gako daude.Lehenengoa, inguruan duzunetaz ikastea eta bigarrena, pasioa izan behar duzula.
Ikuskizunean Motxek arazo batzuk aurkituko ditu.
Ze motako arazoak dira?
Beste norbaiten laguntza gabe konpondu ezingo dituen arazoak dira. Horren bitartez azpimarratu nahi dudana zera da, bizitzan badirela gauza batzuk zuk bakarrik konpondu ezin dituzunak eta norbaiten laguntza behar duzunak. Nire hasierako ideia umeak agertokira igotzea zen, baina pandemia dela eta, ezin izango dut.
Umeek ikuskizun honetatik ze mezu ikasita ateratzea nahi duzu?
Balore desberdinak irakastea da nire helburua, baina laguntasuna izanda gai protagonista. 4-8 urte bitartekoekin lan egitea ez da oso erraza, baina zerbait ikasten badute, pozik geratuko naiz.
Ba al duzu YouTube bezalako sare sozialetan zerbait egiteko asmorik?
Bai, proiektu honen beste alde bat da sare sozialena. Gustatuko litzaidake umeei bideratutako eta euskarazkoa den produktuak sare sozialetara igotzea. Badaukat bideoklipen bat grabatzeko asmoa. Horretaz gain, Busturialde mailan elkarlanen bat egiteko asmoa ere badaukat, adibidez, ikastola edo elkarte bategaz.
Proiektu honek ze norabide hartzea espero duzu?
Lehenik eta behin, Busturialde mailan jarraitzaile talde finko bat lortzea daukat helburutzat. Nire asmoa ez da Euskal Herri mailan ospea izatea, baizik eta gure inguruan egonkortzea. Horrez gain, ez dut nahi nire lana ikuskizunetara bakarrik mugatzea. Adibidez, gaixo dauden umeekin lan egin gurako nuke.