GIH bederatzi ilustratzaileren ikuspegitik
'Inplikatuak' aldi baterako erakusketa ekainaren 12ra arte bisitatu daiteke Ekoetxea Urdaibain. Bisitariek ere parte hartzeko aukera daukate, gune interaktibo batean.
Ekoetxea Urdaibain ikusgai dagoen aldi baterako erakusketa bisitatu ez dutenek, oraindik aukera badaukate; izan ere, ekainaren 12ra (domeka) arte bisitatu daiteke Inplikatuak izena daukan erakusketa. Ohi legez, doan bisitatu daiteke.
Aipatu erakusketak gogoeta egitera gonbidatzen ditu bisitariak. Hain zuzen ere, Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) oinarri dituen erakusketa da. Oinarri hori hartuta, bederetzi ilustratzaile euskaldunek bat egin dute erronkarekin, eta euren ikuspegiak eman dituzte, horretarako artelanak eginez. Honakoak dira parte hartzen dituzten ilustratzaileak: Yolanda Mosquera (Amurrio, 1973), Janire Orduna (Bilbo, 1987), Maite Rosende (Donostia, 1991), Lorena Martínez (Irun, 1973), Sandra Garayoa (Donostia, 1993), Belén Moreno (Donostia, 1966), Lucía Bonilla (Bilbo, 1976), Irati Eguren (Durango, 1981) eta Ainara Aspiazu (Hernani, 1980).
Hiru belaunaldi. Detalleres enpresak komisariatu du erakusketa, eta hiru belaunaldi desberdindu ditu, ibilbide eta zerumuga desberdinak kontuan hartuta. Hala ere, proiekturako elkartu ditu jasangarritasuna adierazteko. Izan ere, azaldu dutenez, elkarlanaren adierazpen berezia eta indarra aurkitu gura dituzte; «bakoitzaren eta taldearen potentziala sentitzen laguntzen duten dinamiken eta jardueren bidez, sormenetik, gizarte arkitekturatik eta ipuinetatik abiatuta». Honakoan, «arte konprometituaren» bidez, GIHak osatzen dituzten koloreen paleta elikatu gura izan dute: «GIHak aplikazio unibertsaleko gida integrala dira eta pertsona bakoitzak gure zati bat jar dezakegu». Inplikatuak beste diziplinetatik beste begirada batzuk hazteko eta biltzeko bokazioa duela diote: grafikoa, poesia, musika, dantza, eskultura. Helburua artista bakoitzaren subjektibotasunetik eta berezitasunetik adieraztea dela gaineratu dute.
Inplikatuak erakusketak, gainera, gune interaktibo bat ere badauka erakusketaren azken zatian. Horretan, bisitari bakoitzak gura duen GIHa ilustratzeko aukera dauka eta bisitarientzako gune horretan ikusgai uzten du.