EH Bilduk Udalsarea 2030 hitzarmeneko hurrengo urratsak argitzeko eskatu dio Bermeoko Udalari
Koalizio abertzaleak jasangarritasunaren aldeko borrokan "elkarlana eta konpromisoa" erakusteko eskatu dio udal gobernuari. Udalak, aldiz, ikastetxeekin eta udal jardunetik jasangarritasunaren alde beharrean segitzeko hautua berretsi du.
Bermeoko Udalak Udalsarea 2030 egitasmoaren barruan jarraitzeko atxikipena berretsi du, eta, era berean, langai horren ingurukoak jorratuko dituzten udal ordezkariak izendatzeko borondatea aurkeztu du, gaur Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean egindako osoko bilkuran. Hitzarmenera atxikitze hori aho batez onartu dute udaleko alderdi guztietako ordezkariek, baina, akordioaren inguruko kudeaketari dagokionez, ikuspuntu ezberdinak plazaratu dituzte. Bermeoko alkate Aritz Abaroak azaldu du Udalsarea 2030 “duela zenbait urtetatik” datorren proiektua dela: “Agenda 21 akordio programatik datorren egitasmoa da, eta garapen jasangarriagaz erlazionatuta dauden helburuak lantzea du jomuga. Udaletik sare horretan beharrean jarraitzeko hitzarmena berrestu gura dugu, eta Idoia Platas eta ni neu izango ginateke gai horren inguruan lanean egongo ginatekeen arduradunak”.
EH Bilduko ordezkari Jokin Lapazak, gai horri helduta, adierazi du Udalsarea 2030en udal hitzarmen hori zehaztu zuen Lurralde Batzordearen jakinarazpena batzordea bera bildu zen “egun berberean” jaso zutela: “Egun berean jaso genuen hitzarmena, presaka eta korrika. Onartu ala ez onartzeko bidean, proposamenagaz aurrera egitea erabaki genuen, hitzarmen hori herriarentzako zeinen garrantzizkoa den jakin bagenekielako”. Halaber, koalizio abertzalekoek argitu dute onarpen hori “inor soberan ez dagoelako” onartu dutela, “lan izugarria baitago egiteke”. Dena dela, EH Bildukoak “zalantzati” azaldu dira udalak hitzarmen horrekiko duen konpromisoaz. “Ez gaude ziur udalak akordio hori ondo ulertzen ote duen; orain arte, jasangarritasunaren gaiagaz ezjakintasun handia erakutsi du udal gobernuak, eta jasangarritasun terminoa prostituitu egin da”, adierazi dute.
Abaroa: “Udalsarea 2030 Agenda 21 akordio programatik datorren egitasmoa da, eta garapen jasangarriagaz erlazionatuta dauden helburuak lantzea du helburu”
Energia berriztagarriak eta jasangarritasuna zelan ulertzen dituzten eta, ondorioz, udalaren jarrera zelan ikusten duten azpimarratu du EH Bilduk. Uren kudeaketan “bilbozentrismoa” nabari dela adierazi dute, “Biosferan kudeatu barik”. Basoen kudeaketa edota Gaztelugatxeko turismo eredu jasangarria ere ahotan izan dituzte: “Ez dugu uste Gaztelugatxe inguruan aparkaleku bat egiteak jasangarritasunagaz lotura zuzena duenik”. Era berean, Guggenheimen kasuaz ere mintzatu dira. Bizkaiko Foru Aldundiaren jarreragaz eta udalaren “elkartasun faltagaz guztiz atsekabetuta” agertu dira, eta, jasangarritasunerako bidean, hurrengo urratsak zeintzuk izango diren galdetu diote udal gobernuari.
Udala, akordioaren alde. Abaroaren arabera, udal gobernuak “bete-betean” sinesten du hitzarmen horren baliozkotasunean: “Gure asmoa Agenda 21egaz hasitako bideari bultzada ematea da, bai ikastetxeekin, bai udal gobernuaren jardunagaz”. Jasangarritasunaren apustua “alderdi politikoek monopolizatu ezinezko gaia” dela adierazi du alkateak: “Ideia guztiak aintzat hartzen ditugu, eta egokienak izan daitezkeen proposamenak aurrera ateratzea da asmoa”. Lapazak Guggenheimen inguruan esandakoari ere heldu dio Abaroak: “Proiektu baten oinarriak jasangarriak diren ala ez zehazte aldera, lehenengo eta behin, oso ondo ezagutu behar dira, eta ez dakit hori jakin badakizue; gaur-gaurkoz, itxaron egin beharko da, aurretiazko epaiketarik egin barik”. Amaitzeko, Abaroak azaldu du udal taldeari ere Lurralde Batzordearen bilera egunean bertan helarazi zitzaiola hitzarmenaren jakinarazpena, EH Bilduri bezalaxe.
Lapaza: “Tokiko nahiz eskolako agenda hauspotzeko diru laguntza aterako dute ekainean, eta udal hau laguntza horietara aurkeztu beharko litzateke”
Ikastetxeetan egingo den parte hartzeagaz erantzun dio, hain zuzen, EH Bilduko ordezkariak. “Ikastetxeekin behar egitea oso interesgarria delakoan gaude, baina, era berean, zeharo deigarria da Bermeo ez dagoela ekainean Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ehun udalerri baino gehiagotan egingo den jasangarritasunaren aldeko foroaren barruan”. Hori dela eta, jasangarritasunaren gaia dinamizatzeko eta koordinatzeko asistentzia teknikoa kontratatzea proposatu du EH Bilduk, ikasturte hasieran zein amaieran ikastetxeekin batera udal foro bana egiteaz gain. Horretarako, ekainean publikatuko den diru laguntzara batzea eskatu diote udal gobernu taldeari: “Tokiko nahiz eskolako agenda hauspotzeko diru laguntza aterako dute ekainean, eta udal hau laguntza horietara aurkeztu beharko litzateke, eta oposizioagaz elkarlanerako prest dagoela frogatu. Modu horretan ikusi ahalko dugu Udalsarea 2030 hitzarmena era serioan eta konprometituan gauzatzeko borondatea dagoen udaletik”.
Guzan herri plataforma politikoko ordezkari Maite Alonsok udal ordezkari guztiei ekainaren 16an Arrantzale Museoan egingo den hitzaldira gonbita luzatu die. Bertan, energia berriztagarrien komunitatearen inguruabarrak landuko dituztela adierazi du: “Herrigintzatik eta herritarren partaidetzatik datorren ekimena izango da, eta herritarren nahiz udal korporazioko talde politikoen babesa eskatzen duela uste dugu”.