Bittor Asteinza: "Udaltzainak udalaren erreferenteetako bat direnez, beharrezkoa da herritarrei euskarazko zerbitzua ematea"
EH Bilduk Bermeoko udaltzainen "hizkuntza jardunaz" eta 'Alkateagaz berbetan' liburuxkaz galdetu dio udaleko gobernu ordezkaritzari. Guzanek, bestalde, Gipuzkoako programazio enpresa baten kontratazioa justifikatzeko "azalpenak" eskatu dizkie Aritz Abaroa alkateari eta Kepa Zumeta euskara zinegotziari.
Bermeoko EH Bildu “kezkatuta” agertu da euskarak, egun, Bermeon duen erabileragaz, batez ere, euskararen kale erabilera erakusten duten datuak oraintsu kaleratu direlarik. Koalizio abertzaleko ordezkari Bittor Asteinza Blancok datuok “txarrak” direla eta “hausnarketa sakona eskatzen dutela” adierazi du. Euskarak Bermeon bizi duen egoera irudikatze aldera, EH Bilduko kideak adibide bi plazaratu zituen, hain zuzen, atzoko osoko bilkuran. Batetik, udaltzainekin lotutako auzia azaldu zuten. Asteinzak ondorengoa argitu du gaur egin den osoko bilkuran: “Herritar askok eta askok helarazi digute udaltzainengana zuzentzerakoan eurek gaztelaniara edota, kasurik gutxienetan, euskara batura jotzen dutela. Gai hori zenbait batzordeetan landu den arren, ez da nahikoa izan”. Ildo horretan, EH Bilduk “zorroztasuna eta inplikazioa” eskatu dizkio udaleko gobernu taldeari. “Udaltzainak udalaren erreferenteetako bat direnez, beharrezkoa da herritarrei euskarazko zerbitzua ematea”, nabarmendu du Asteinzak.
Bestetik, berriz, herriko buzoietan agertutako eta Alkateagaz berbetan izeneko liburuxka bati buruz galdetu diote Aritz Abaroa alkateari. Asteinzak azaldu duenaren arabera, liburuxka horretan izenburua baino ez dago euskeraz; gainontzeko guztia gaztelaniaz idatzita dago. Horren aurrean, “inkoherentzia” topatzen dutela adierazi du zinegotziak: “Bermeoko Udalak euskeraren aldeko apustu sendoa egiten duela irakurrita eta alkatea bera UEMAko lehendakariordea dela jakinik, ez dugu bidezko ikusten liburuxka hori gaztelaniaz idatzita egotea eta ez euskeraz, portaera lotsagarria dela uste dugu”.
Asteinza: “Herritar askok eta askok helarazi digute udaltzainengana zuzentzerakoan eurek gaztelaniara edota, kasurik gutxienetan, euskara batura jotzen dutela”
Abaroak, ostera, banan-banan erantzun die EH Bilduk eroandako auziei. Azaldu du udaltzainei formakuntza saioak ematen zaizkiela, baina txandakako lana dutenez, “oso gaitza” dela formazioa eta lana uztartu ahal izatea. Halaber, argitu du Euskara Saila “gogor” ari dela beharrean. Buzoietako liburuxkaren gaiaz, aldiz, “alderdi politikotik datorrela” adierazi du, “baina ez udaletik“: “Liburuxka hori ez du Bermeoko Udalak atera, alderdi politiko baten jardunagaz lotuta dago, baina ez udalarenagaz”. Abaroak “euskararen aldeko erronkak” izan zitu hizpide: “Herriko eragile eta taldeekin elkarlanean ari gara, bertoko euskara sustatzeko programa bat sortu guran”. Asteinzak, bere aldetik, argitu gura izan du liburuxka horretako izenburuak dakarren alkate terminoak “ez diola alderdi politiko bati keinurik egiten”: “Azken batean, alkate berbak bermeotar guztien ordezkaria izatea adierazten du, eta ez, ordea, alderdi jakin bateko ordezkaria”.
Abaroa: “Alkateagaz berbetan liburuxka alderdi politiko batetik dator, baina ez Bermeoko Udaletik”
Euskara bultzatzeko elkarlanari buruz. Guzaneko Xabier Ortuzarrek, euskararen kontuaren inguruan, “ardura handi bat” helarazi dio Abaroa alkateari: “Egia al da Bermeoko Udalak, herriko euskara bultzatzeko, Gipuzkoako enpresa bat kontratatu duela?”. Horregaz lotuta, azaldu du herriko zenbait pertsonaz osaturiko talde bat udalera zuzendu zela Bermeoko euskara bultzatzeko asmoz, baina ez zutela inongo “babesik” eta “sostengurik” topatu. Galdera horiei heldu die Abaroak. Batetik, azaldu du herritar horiei jaramon egin zitzaiela: “Udalak, elkarlanerako, besoa luzatu zien, baina oraindik ez dute proiektu edota proposamen egituraturik”.
Gipuzkoako enpresaren kontratazioari buruz, argitu du “lizitazio bidez” egin zela, eta, beraz, “edonor aurkeztu zitekeela”. Lizitazioa irabazitako enpresa horren eginbeharra, Kepa Zumeta euskara zinegotziak adierazi duenez, “ikastetxeetan tokiko euskara bultzatzeko erabiliko den aplikazio baten euskarri teknologikoa lantzea da”. Aplikazio horrek 700 galdera izango ditu, eta horiek guztiak Bermeoko eragile kulturalen esku hartzeagaz egingo dituzte. Gainera, Zumetak aurreratu du “final handi bat” ere egingo dutela. Irailean jarri gura dute abian aplikazio hori.