Barne gatazka baten hiru faseak, abestietan
Etxekalte taldeak ‘Nor Da Norbera?’ diskoa kaleratu du. Bermeotarren lehen lan luzea da, eta Donostiko Elkar estudioan grabatu dute. Maiatzaren 20an aurkeztu zuten, Bermeoko Kafe Antzokian.
Etxekalte berbak etxe bakoitzeko txarrena edo etxerako traba esan gura du. Baina Bermeoko Kapilan, herriko taldeek entseatzeko eta musika sortzeko erabiltzen duten gunean, termino horrek bestelako konnotazioa du. Izan ere Etxekalte taldekoek barruan duten guztia ematen dute beraien abesti bakoitzeko nota oro perfekziora eroateko bidean. Bide horren azken geltokia, hain zuzen ere, kaleratu eta aurkeztu berri duten Nor Da Norbera? lan luzea da.
Iker Etxebarria, Unai Irisarri, Iñaki Olondo eta Jon Andoni Juarez dira Etxekalte taldea gidatzen duten lau makinistak. “Adierazkortasuna, indarra eta kresal apur bat”, diote, taldea definitzeko eskatuta. Izan ere, bermeotarrek goranzko bidea egin dute, 2015. urte inguruan taldea sortu zenez geroztik: Isiltasunetik izeneko maketa kaleratu zuten lehenengo; “ia publikatu ere ez genuen egin, eta gure bautismoa izan zen”, azaldu dute. Urteen poderioz eta beraien lengoaia propioa topatuta, beren izena lau haizetara zabaldu zuen EPa etorri zen: Gure hizkeran. Horren ostean kaleratu zuten Arimak denboran, Habi bikote villabonatarragaz batera sorturiko eta bi singlez osatutako splita.
Etxebarria: “Pandemia sasoian, orduak eman nituen bateria jo ezinik, abestien hitzen bila”
Aurten, ostera, EPtik LPra saltoa egin dute Nor Da Norbera? jaioberriagaz, alegia, iraupen laburretik luzera. Jauzi horrek, baina, ez die inongo bertigorik eman Bermeokoei, Etxebarriaren arabera: “Abestiak modu naturalean eta erritmo onean joan gara sortzen, gure lanerako moduari jarraituz”. Irisarri izan da album berriko zati instrumentalaren hazia erein duena: “Bere ideietatik abiatu dira abestien enbrioiak”, azaldu du Olondok. Entseguetara eroandako Irisarriren zimendu horiei taldekide guztien artean “gorputz bat, egitura bat, hormak eta leihoak” eraiki dizkiete. Dena dela, aurkari sendoa topatu dute sormen bidean: koronabirusaren pandemia. Egoera horrek bestelako modu batean konposatzera derrigortu ditu etxekaltetarrak, Olondok azaldu legez: “Ikerren garajean elkartu behar izaten ginen; jakina, zarata larregi ez ateratzeko, formatu akustikoan jotzen genuen, eta bateria barik”.
Sasoi hartan, Irisarri abeslariak berba solteak, soinuak eta egitura fonetiko soilak botatzen zituen, abestiak artean letra aldetik biluzik baitzeuden. Etxebarria bateria-jolea zen eginbehar horren arduraduna, bateriarik gabeko garaje ordu luze haietan: “Orduak eta orduak eman nituen nire instrumentua jo ezinik; horrenbestez, taldekideak jotzen ari ziren bitartean, nik burua astindu besterik ez nuen egiten, jaiotzear zeuden abestientzako hitzen bila». Hain zuzen ere, hitzen inguruan galdetuta, kide guztiek aho batez erantzuten dute: “Gu beti goaz txarraren bila, tristuraren barrenean ezkutatzen den malenkonia edo plazer ezkutu hori maite dugu, eta lan honetako alde lirikoa ere barne gatazka batetik abiatu dugu”.
Irisarri: “Gutariko bakoitzak diskoaren aurkezpen kantu desberdin bat zuen buruan”
Gatazka: inspirazio iturri. “Arazo edo gatazka bati aurre egin behar diozunean, zein fase pasatzen dituzu?”. Galdera horri tiraka sortu dute Nor Da Norbera? albumaren iruditegi guztia. Etxebarriak hiru geltoki bereizten ditu gatazkaren bide horretan, eta, horrenbestez, hiru zatitan banatu dute diskoa, “entzuleak gura duen moduan kontsumitu dezakeen arren”. Etxebarriak planteatutako lehenengo faseak “minagaz, frustrazioagaz eta sufrimenduagaz” du lotura. Sentimen horiek adierazte aldera, zati horretan daude LPko kanturik bizkor, gogor eta indartsuenak. Hitzek ere lotura zuzena dute sentimen horiekin. Amorru fasearen ostean, «arrazionalagoa, kontzienteagoa eta autoeraikitzaileagoa» den zatia dator. Hirugarren interludioak, ostera, “onarpena eta arazoagaz bat egitea” dakartza. Kideen arabera, diskoak irudikatzen duen krisialdi horrek “pertsona bezala dena ezbaian jartzea, gatazkekin elkarbizitzea eta norbere burua ezagutzea” ekartzen ditu.
Albumaren singlea aukeratzeak ere buruko minak eman zizkieten bermeotarrei, Irisarrik dioenez: “Gutariko bakoitzak diskoaren aurkezpen kantu bat zuen buruan, eta azkenean modurik leloenean erabaki genuen, bizkor-bizkor, baina milaka buelta eman ostean”. Autokontzientziaren eta arrazionaltasunaren etapara jo zuten, eta Eraikitzeko egon arren hautatu. Diskoaz harago, grabazio prozesuaz berba ederrak baino ez dituzte etxekaltetarrek. Donostiko Elkar estudioan grabatu dute, Victor Sanchezen gidaritzapean. Kideak “eskertuta” ageri dira: “Oso ondo tratatu gaituzte, eta lanerako orduan prestutasun handia erakutsi digute, gu bezalako talde txiki baten alde eginez”. Dena dela, aitortu dute ez direla guztiz aseta geratu lorturiko soinuagaz: “Pozik gaude egindako lanaz, guretzat aberasgarria izan baita; hori bai, zenbait aspektutan igarri genuen Victor bera ez zegoela oso ohituta guk egiten dugun musikara, estudio hori gehiago baitago bideratuta folk nahiz pop doinuetara”.
Zentzu horretan, bateriaren soinuan igarri dute gabeziarik handiena: “Bateria sendo batek osotasuna ematen dio abestiari, zelan edo halan, konposizioa enpastatu egiten du; disko honetan, beharbada, bateriaren soinu gogor hori ez da hain begibistakoa”. Erreferentziazko talde dituzten Touché Amoré zein Viva Belgrado taldeetako baterien soinuak dituzte gogoan bermeotarrek, baina baita hurragokoenak ere. “Esate baterako, Tolosako Bonbereneako Karlos Osinaga Txap-en ikuspuntua izugarri gustatzen zaigu taldekide guztioi, maite dugu Berri Txarrak moduko taldeekin bateriari atera izan dion sonoritatea“. Nolanahi ere, esperientzia “oso polita” bizi izan dute Donostian. Astebetez bizi izan dira bertan, diskoaren grabaketetan jo eta su beharrean. “Musikari bezala, oso aberasgarria da, eguneko 24 orduak diskoari eskaintzen dizkiozulako”, azaldu du Olondok. Hurrengo diskoei begira, ez dute baztertzen kristalezko beste sabai bat apurtu, eta urrunagora grabatzera joatea: “Ultramarinos Costa Brava estudioan grabatzeagaz amesten dugu, Santi eta Victor Garciagaz; gure soinuagaz bikain egiten du bat leku horrek, baina horrek logistika nahiz agenda aldetik antolakuntza eskatuko liguke”.
Olondo: “Diskoa grabatzeko astebetez Donostin bizitzea esperientzia oso polita izan da”
Etxean eta etxekoekin. Maiatzaren 20an aurkeztu zuten Nor Da Norbera?, Bermeoko Kafe Antzokian. Gainera, Arrain Azokaren testuinguruan eman zuten argitara album berria. Irisarrik adierazi du etxean eta etxekoen aurrean jotzea berezia izan zela: “Kontziente ginen 800 nahiz 80 pertsona bertaratuta ere, guk den-dena emango genuela oholtzan, eta halaxe egin genuen. Gainera, Ondarroako Dena taldeko lagunekin elkarbanatu genuen eszenatokia; Euskal Herriko talde interesgarrienetako bat da”. Aurkezpen biragaz jarraituko du, aurrerantzean, Etxekaltek: Gaur, Aretxabaletako Kuartela Kultur Elkartean joko dute, eta, bihar, Donostiko Dabadaban.