Aritz Abaroa: "San Joan Egunean, bermeotarrak Gaztelugatxera modu seguru, jasangarri eta antolatuan joatea dugu helburu"
EH Bilduk Gaztelugatxeko obrak bisitatzeko baimena "beranduegi" iritsi dela adierazi du. Bestalde, San Joan Eguneko bisita sistema "zelan kudeatuko duten" eta Gaztelugatxeren gaineko gobernantza eredua "zein puntutan dagoen" galdetu dio udaleko gobernu taldeari.
Bermeoko EH Bilduk Gaztelugatxeko obren inguruko egoeraz eta, horregaz batera, Gaztelugatxeko gobernantza ereduaren gaineko informazioaz galdetu dio Bermeoko Udaleko lantaldeari. Koalizio abertzaleko udal ordezkari Jokin Lapaza “pozik” agertu da, batetik; izan ere, lortu dute Gaztelugatxeko “0 zonara edo epizentrora” joatea erdietsi du Lurralde Batzordeak, obren egungo egoera bertatik bertara ezagutzeko. Lapazak baimen hori “oso berandu” ailegatu zaiela azpimarratu du: “Aldundira idatziz, telefonoz, posta elektronikoz eta bestelako bide posible guztietatik eskatu dugu obrak bisitatu ahal izatea; bien bitartean, oraindik agerian segitzen du beste indar batzuek bertara joateko eskumena, legez zein legez kanpo izanda ere, aspaldi lortu zutela dioen mamuak”.
Joan den astean lortu zuen Bermeoko udal ordezkaritzak Gaztelugatxeko obrak ikusteko baimena. Segurtasun neurri guztiak betez eta geologoen nahiz Basalaneko adituen azalpenak jasoz ezagutu zituzten egiten ari diren lanak. Dena dela, EH Bildukoek azaldu dute udal ordezkaritzaren zati diren heinean “aspaldi” ahalbidetu behar izango liratekeela bisitok: “Bermeotarrentzat hain esanguratsua eta sinbolikoa den eremua izanda, udaleko ordezkaritzari orain dela asko utzi beharko litzaioke bertako egoera aurrez aurre ezagutzen, eta ez informazioa litzaioke iritsi behar, alkatea ez den edonorrentzat, tantaka-tantaka edo prentsaren bidez, zuzen-zuzenean eta sakon baizik”.
Lapaza: “Aldundira idatziz, telefonoz, posta elektronikoz eta bestelako bide posible guztietatik eskatu dugu obrak bisitatu ahal izatea”
Horren aurrean, 2018. urtetik lantzen ari den udal gobernantza eredua zein puntutan dagoen galdetu dio EH Bilduk udal gobernu taldeari. “Gobernantza organo hori osatzen dutenei galdetuko nieke ea bermeotarren kexak, iradokizunak eta nahiak entzuten ote dituzten”, adierazi du. Era berean, San Joan Egunaz ere mintzatu da Lapaza. Egun horretan, hain zuzen ere, Bermeoko herritarrentzat “erreserbatuta” geratuko da Gaztelugatxeko eremua, eta bertara joan ahal izateko tiket sistema bat ezarriko du udalak. EH Bilduk tiket sistema horren nondik norakoak zeintzuk izango diren azaltzeko eskatu dio alkateari; halaber, eremu horretan bermeotarren erabilera sustatze aldera Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiagaz adostutako akordioa zein puntutan dagoen ere jakin gura izan du koalizio abertzaleko kideak. “Aldundiak, egun berezi horretarako, bermeotarrei zein baldintza ezarri dizkien jakin behar dugu”, azpimarratu du.
Aritz Abaroa Bermeoko alkateak argitu du udalak San Joan Egunean Gaztelugatxera bisita “modu seguruan, jasangarrian eta antolatuan egitea” duela helburu, eta aldundiagaz bilera bat egiteko daukatela oraindik. Aipaturiko bilera horretatik “proposamen bat” ekarriko duela azaldu du Abaroak, “ostean denen artean hori koordinatzeko“. Obrei dagokienez, momentu honetan beharginak aste barruan eskailerekin lanean dabiltzala adierazi du alkateak”. Gobernantza ereduaren inguruko zalantzak argitzeko tartea ere hartu du: “Inguru horretan udalak dituen eskumenak zeintzuk diren adierazten duen txosten bat bidali dugu, eta proposamena prest dagoenean jakinaraziko digute”.