Udal zerbitzuak hobetzea helburu duen 877.304 euroko aurrekontua onartu du Kortezubiko Udalak
Aurtengo aurrekontuak %30ean gainditzen du aurreko ekitaldikoa, eta inbertsioak azpiegiturak hobetzera bideratuta daude. Diru sail handiena Barrutia eta Elorriaga auzoen arteko sarbidea konpontzeko erabiliko dute.
Kortezubiko Udalaren helburu nagusia dira pertsonak, ongizatea eta etorkizuna. Horiek dira, hain zuzen ere, 2022rako aho batez onartu duten aurrekontuaren idea nagusiak. 877.304,34 euroko diru sailagaz herriko zerbitzuak eta bideak hobetzearen, euskalduntzea eta kultura sustatzearen, azpiegituretan inbertsioak egitearen eta energia sistema iraunkorrak txertatzearen aldeko apustua egin du udalak. Aurtengo aurrekontuak %30ean gainditzen du aurreko ekitaldikoa, eta inbertsioak azpiegiturak hobetzera bideratuta daude.
Diru sail handiena 123.274,62 eurokoa da, eta Barrutia eta Elorriaga auzoen arteko sarbidea konpontzeko erabiliko dute. Kortezubi eta Arratzu udalerriak barrualdetik lotzen ditu bide horrek, kortezubitarren Barrutia eta Elorriaga auzoak batuz. Gune horretan, lurrak eusteko eta bidea egonkortzeko lanak egin behar dira, neguan jasotako euriteek “asko hondatu” dutelako zorua; asfaltoan arrakalak eragin eta zorua ezegonkortu dute. Zehazki ezpondaren luiziak larriki erasandako bidearen bi zatitan esku hartuko dutela adierazi dute udal arduradunek.
Udaletxea, udal taberna eta alokairu sozialeko etxebizitzak hartzen dituen eraikinaren teilatua konpontzeko ere diru saila gorde du udalak. “Teilatua oso hondatuta dago eta eraberritze integrala behar du”, adierazi du alkateak, eta, horretarako, 86.995,97 euroko diru saila aurreikusi dute udal agintariek. Eraberritze lanen ondoren, eguzki energia garbi eta berriztagarrien plakak jarriko dira, “eraikina bere kabuz hornitzeko”. Zehaztu dutenez, eguzki energia sortzeko kudeaketa horregaz, Kortezubiko Udalak “berrikuntzagaz, ingurumenagaz eta iraunkortasunagaz” daukan konpromisoa berretsi du.
Beste inbertsio garrantzitsu bat tokiko ondarea berritzera bideratuko da, 5.700 euroko diru sailagaz: Kortezubiko elizaren organoa berreskuratuko dute. Harmonio baliotsua zaharberritzea eta daukan balioa ematea da udalaren asmoa.
Kultura sustatzeaz eta balioesteaz gain, memoria historikoa berreskuratzea ere funtsezko beste helburu bat da Kortezubiko Udalarentzat, eta 2022ko aurrekontuan 17.000 euro aurreikusi ditu herriaren memoria historikoa berreskuratzeko lanagaz jarraitzeko. Kortezubi 1936-1946 da herriaren memoria historikoa ikertu eta berreskuratzeko proiektuaren izena, 2021ean abiatu zutena, eta 36ko gerran eta frankismoaren lehen garaian udalerrian gertatutakoa ezagutzeko eta gerrako tragedia jasan zuten bizilagunak birgaitzeko helburua daukana. Udalaren ekimena garai hartako bizipenen, oroitzapenen, dokumentuen eta testigantzen bidez egia berreskuratzea da, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa historiko zorrotz batean oinarritzen da proiektuaren garapena. Aurten, proiektuaren azken fasea garatuko dute, eta ikerketa lan osoa jasoko duen liburu bat argitaratuko dute.
Herritarrentzako laguntzak.
Herritar guztien kultura eta kirol zerbitzu osagarriak eskaintzeko eta euskalduntzea bultzatzeko, 4.800 euroko diru saila bideratuko du udalak, Kortezubiko herritarrek euren udalerrikoak ez diren udal instalazio eta zerbitzuengatik ordaindu behar duten gehigarria diruz laguntzeko; hala nola, Gernika-Lumoko Santanape kiroldegia, udal euskaltegia eta Segundo Olaeta Musika Eskola.
Kortezubi herri gisa hazteko “funtsezko faktorea” den herriko dinamizazio soziokulturalean laguntzeko, herriko kultur eta kirol elkarteentzako diru laguntzarako aurrekontu bat aurreikusi dute: 3.000 euroko laguntza izango du Bolunzulo Kultur Elkarteak, beste 3.000 eurokoa Gure Arbasoen Herria elkarteak, 500 eurokoa Jubilatuen Elkartearentzat eta beste 500 eurokoa Herri Kirolentzat.
Beste alde batetik, udalekuak, merkatarientzako bonu berriak eta herriaren sustapen turistikoa dira aurreikusitako beste inbertsioetako batzuk.
Herriko alkateak herritarren ongizatean lan egiteko eta zerbitzuak bermatzeko diseinatutako aurrekontuak adostu dituztela adierazi du: “Horretarako, mugikortasun gero eta seguruagoaren aldeko apustua egiten dugu, ondo egokitutako sarbideekin. Gainera, udalen arteko akordioak berritzen ditugu, kortezubitarrek aukera izan dezaten musika eta euskara prestakuntza beste udalerri batzuentzako herritarren baldintza berberetan jasotzeko”. Bestalde, udal ekipamenduen kalitatea eta energia eraginkortasuna hobetuko duten proiektuak abiatuko dituztela azpimarratu du. “Hori guztia gure herriko bizimodua hobetzera bideratuta dago”, azaldu du Enbeitak.