Uda Gazte Aktiboa programa martxan jarri du GIZ-ek
Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuaren programa da Uda Gazte Aktiboa, 9 urtetik gorako gazteei zuzendutakoa.
Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuak (GIZ) jarduera fisikoa sustatzea helburu duen programa jarri du martxan. 9 urtetik gorako umeei zuzenduta dago, eta kirol modalitate ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute.
Uztailaren 5a eta 8an bitartean izango da, eta 10:00etatik 18:00etara arte egongo dira umeak kirol desberdinak praktikatzen. Hain zuzen ere, honakoak izango dira egingo dituzten jarduerak: surf-a, BigSup, itsas-kayak eta Mendexa Abentura Parkera irteera; azken jarduera izan ezik, gainontzekoak Urdaibain egingo dira. Zehaztu dute jardueretan parte hartzeko baldintza bakarra igeri egiten jakitea dela.
50 leku baino ez dira egongo, eta izena emateko epea zabalik dago: “50 plazak betetzean zarratuko da”. Izen ematea Gazteentzako Informazio Zerbitzuan egin beharko da, Gizarte eta Kultur Etxean. Adingabeko guztiek gurasoen edo legezko tutoreen baimena sinatuta aurkeztu beharko dute ekainaren 27a baino lehen.
Programan izena ematen dutenen kopurua ez bada irteera egiteko ezarritako gutxieneko partaide kopurura heltzen, jarduera bertan behera geldituko da, eta, ordaindutako zenbateko osoa itzuliko da.
Jardueretarako joan-etorriak autobusez egingo dira, eta gaztetxoei arropa erosoa eramatea eskatu diete; janaria etxetik eraman beharko dute.