Mundakak arraunaz gozatuko du bigarrenez
Mundakako beteranoen II. estropada lehiatuko dute zapatuan. ABE/La Salve Ligako hirugarren jardunaldia hartuko du Mundakak.
Zapatuan, hilaren 28an, Mundakako beteranoen estropada hartuko du, hain zuzen ere, Mundakak. Estropada hori egingo duten bigarren edizioa izango da. Mundaka Arraun Elkarteak antolatutako estropada 16:00etan hasiko da; gainera, ABE/La Salve Ligako hirugarren jardunaldia izango da. Mundakako beteranoen traineruko ordezkariak etxean lehiatzeagatik “pozik eta oso motibatuta” agertu dira: “Guretzat etxekoen aurrean konpetitzea oso polita da, eta gogo handiz hartuko dugu estropada”.
ABE/La Salve Ligako lehendabiziko bi estropadak Pontejosen (Kantabria) eta Donostiko Kontxan, Fortuna Kirol Taldearen etxean, lehiatu zituzten. Lehenengo jardunaldian bederatzigarren postuan sailkatu ziren; bigarrenean, iragan zapatuan, aldiz, bosgarrenak izan ziren. Dena dela, Mundakako beteranoek adierazi dute aurtengo ligan “inoizko berdintasunik handiena” dela nagusi: “Beste denboraldi batzuetan, talde jakin batzuk ziren hautagaiak; aurten, lehiatu dugun estropada bakoitza oso irekia izan da, eta edozein traineruk irabaz zezakeela iruditu zaigu”. Ildo horretan, Fortuna, Getxo, Arkote, Bilbo edota Badok aipatu dituzte, hautagai modura.
Itsasoari begira. “Irabaztera” aterako direla azaldu dute Mundakako arraunlari beteranoek, etxean lehiatzeak dakarren indar gehigarriagaz. Estropadaren lehenengo edizioan, San Antoniotik Talara arteko erlojupekoa egin zuten, eta aurten ere erlojuaren kontrako formatu hori errepikatuko dute, baina joan-etorriko ibilbidea egitea pentsatzen ari dira. “Itsasoaren egoeraren arabera erabakiko dugu erlojupeko saioak zein ibilbide izango duen; printzipioz, Talan hasiko da eta Txatxarramendiraino joango da, bertan ziaboga egiteko eta itzuliko noranzkoari heltzeko”, azaldu dute. Beraz, lehiaketa egunean itsasoak zein aurpegi erakutsi, horrek moldatuko du ibilbidea.
Horrez gain, iaz Mundakan egon zen “giro apartaz” mintzatu dira beteranoak: “Herritarrek begi onez hartu zuten estropada, eta jendea hura ikustera bertaratu zen; beraz, aurten ere erantzun berbera ematea espero dugu”. Mundakakoak, gainera, bigarren traineru bat itsasoratzekotan daude. “Beste hainbat eta hainbat klubek B edo bigarren taldea ateratzen dute, eta gu geu ere horixe egitea pentsatzen ari gara; lehiaketa orduko hartuko dugu behin betiko erabakia”, azaldu dute.