Ansotegi eta Beethovenen belarriak eta Kantakunek taldeak lehiatuko dira etzi, Bertsolaritza Egunean, Larrabetzun
Jokin Ansotegik Bizkaiko Eskolarteko Txapelketaren finala lehiatuko du, eta taldeka ariko dira Busturialdeko Beethovenen belarriak eta Kantakunek taldeak.
Bizkaiko Bertsolaritzaren jaia antolatu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak zapaturako Larrabetzun, lurraldeko bertsolaritzaren ekosistema osoa –eskualdez eskualde eta etenik barik– elikatzeko eta bertsogintzaren oinarria motibatzeko, finkatzeko eta garatzeko helburuz. Bertso eskolen eta bertsozaleen jaia izango da, eskolarteko finalak eta taldekakoaren hiru finalaurrekoak eta finalak ospatuko baitira bertan. Hori horrela, han egongo dira eskualdeko ordezkariak.
Jokin Ansotegik Bizkaiko Eskolarteko Txapelketaren finala lehiatuko du, eta taldeka ariko dira Busturialdeko Beethovenen belarriak eta Kantakunek taldeak, eta Lea-Artibaiko Akerbeltzen Antxumeak eta Poto Baptist School; Busturialdeko Ez dakit ba! taldeak lortu zuen sailkapena, baina ezin izango dira bertan egon, eta euren ordez ariko dira Poto Baptist School taldeko lekeitiarrak.
Bertsotan aritzen lehenengoa izango da Ansotegi, eskolarteko idatzizko lehiaketaren ostean, bat-bateko finalean ariko baita gernikarra Larrabetzuko eskolan. Hiru kanporaketa eta gero, beragaz batera oholtzaratuko dira puntu gehien batu dituzten bertsolariak: June Diaz, Izaro Bilbao, Araitz Katarain, Haizea Telleria, Kelmene Abaitua, Maialen Lago eta Naia Martin.
Eskolarteko finala jokatuta, bazkarian elkartuko dira bertsolari eta bertsozaleak, eta Bizkaiko Taldekako finalaurrekoak lehiatuko dituzte, gero. 16:00etan hasiko da lehenengo finalaurrekoa, eta Beethovenen belarriak parte hartuko du bertan, Laukijjek eta Koipelustriek taldeekin batera; 17:30ean, Kantakunek eta Poto Baptist School taldeen txanda izango da, Urruxak taldeko bertsolariekin batera; eta, 19:00etan, Akerbeltzen Antxumeak ariko dira Zornotzako Bertso Oskola eta Far Westeko bertsolarien aurka.
Behin finalaurrekoak amaituta, 22:00etan hasiko da finala Hori Bai gaztetxean.