Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako kartel lehiaketa martxan dago
Herriko jaiak bueltan dira, eta horrekin batera kartelen lehiaketa ere badator. Lanak aurkezteko aukera zabalik dago, eta ekainaren 30 arte egongo da aukera.
Bermeoko Udalak urtero egiten duen modura, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketa abiatu du. Ohi legez, “Bermeoko Jaiak” izango da aurtengo gaia, eta, zehaztu dute, baldintza bezala, Bermeoko jaien adierazle diren elementuak agertu beharko direla kartelean.
Aurkeztutako lan guztiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: 50×70 cm-koa izan beharko da, gura beste kolore izan ahalko ditu, eta edozein teknika erabili ahalko da kartela egiteko.
Esan dutenez, lana euskarri gogor bati lotuta edo euskarri informatikoan aurkeztu ahalko da. Eredu informatikoa aukeratuz gero, hiru aukera hauetako batean egin beharko da: 200 kb-ko JPGa; Mb1-eko JPGa; edo bereizmen handiko PDF bat.
Lanak Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean aurkeztu beharko dira, izenburuagaz eta egilearen sinadurarik barik. Horrez gainera, izenburu bera daraman gutun itxi batean, egilearen datuak adieraziko dira eta egileak agiri bat bete beharko du lana aurkeztu duela egiaztatzeko. Era berean, idazki bat entregatu ahal izango da aurkeztutako lanaren azalpenarekin eta aukeratutako titulua erabilita. Idatzi hori anonimoa eta guztiz borondatezkoa izango da.
Epaimahaia Bermeoko jai batzordeko kideek eta Barrueta Arte Elkarteko kideek osatuko dute. Aurkeztutako kartel guztiak ikusiko dituzte, eta lan onenen artean finalistak aukeratuko dituzte. Epaimahaiak, besteak beste, honakoak izango ditu kontutan: proposamenen originaltasuna, diseinua, kalitatea eta estetika; eta, oro har, herriko jaietan parte-hartzea sustatzeko erakargarrienak eta egokienak diren alderdiak.
Finalisten arteko irabazlea aukeratzeko erantzunkizuna herritarrek izango dute, uztailaren 6tik 11ra arte egingo den bozketa batean. Pertsona bakoitzak aurrez aurreko boto bakarra eman ahal izango du Kultur Etxean jarriko den ontzian edo internet bidez. Aurrez aurreko botoek %70eko balio izango dute eta internet bidezkoek %30ekoa.
Jakinarazi dutenez, lan irabazlea uztailaren 12an jakinaraziko da, baina proposamenak aurkezteko azken eguna ekainaren 30a izango da.