Sei ekimen antolatu ditu Guzanek 2022ko kultur topaketen baitan
Guzan Herri Plataforma ezagutara emateko asmoa daukaten ekimenak zapatuan hasiko dira; 19:00tan jarri dute hitzordua, Bekoportalen kanpoaldean
Guzan Herri Plataformak 2022an egingo dituen kultur topaketa desberdinak aurkeztu ditu, Bermeoko Talan. Momentuz,sei ekimen antolatu dituzte; zapatu honetan izango da lehenengoa, 19:00etan Bekoportalen. Proiektuaren aurkezpenean, plataformako kide diren Xabier Ortuzar, Miren Gabantxo eta Liz Gomez artista amerikarra egon dira presente.
Azaldu dutenez, ekimenak antolatzeko arrazoia da Guzan ezagutara ematea. Izan ere, herri plataformak egin dituen inkesta batzuen arabera, 60 urtetik gorako askok ez dute Guzan ezagutzen.
Guzanekoek esan dutenez, beti gustatu izan zaie ekimen kulturalak, auzolanak eta tankera horretako ekimenak antolatzea. Oraingo honetan, antolatutako sei ekimenen bidez, adin guztietako jendearengana heltzea da helburua. Publiko berrietara heltzeko asmoz,gainera, ekintzak herriko toki desberdinetan egingo dituzte.
Plataformatik argi utzi nahi izan dute ekintza guztiak dohainik izango direla, kultura babesteko konpromisoa hartu dutelako: «Gure nahia antolatzen ditugun ekintza guztietara mundu guztiak etortzeko aukera izatea da. Etorriko den jendearekin hitz egiteko aukera izan nahi dugu, hortik ideia berriak irten daitezkeelako. Gure helburua jendearekin bat egitea da. Horretarako, jendea entzutea ezinbestekoa da. Jendeak zer nahi duen ulertu behar dugu, gero horretan lan egiteko».
Aurkezpen ekimena Talan egin dute, eta leku hori zergatik aurkeztu duten azaldu dute: «Bermeoko tokirik ederrenetakoa da, handik ikus daitezkeen margolanean Izaro eta Ogoño ere ikus daitezke».
Guzan, baloratua.Plataformatik egin dituzten inkesten arabera, bermeotarrek asko baloratzen dute Guzanek egiten duen lana. Izan ere, herriko erakunde politiko baloratuena dela adierazi dute galdetegi horiek.
Datu «pozgarri» hori lortu arren, kezka ere agertu dute, herritar batzuek ez dutelako Guzan ezagutzen. Inkestak egiterakoan adina kontuan izan dute, eta hauek izan dira lortu dituzten datuak: 18-29 urte bitarteko ia bermeotar guztiek ezagutzen dute herri plataforma; 29-45 urteko herritar guztiek dute Guzanen inguruko ezagutza; 45-60 adin tartean ezagutzen dutenen kopurua jaitsi arren, datuak onak dira. Aldiz, 60 urtetik gorakoetan dago arazoa: «Adineko jende askok ez du Guzanek egiten duen lana ezagutzen, eta datu horrek kezka piztu du gurean».
Adin tarte horretako jendeak Guzan ez ezagutzearen arrazoietako bat sare sozialak izan daitezkeela deritzote: «Adin horretako gehienek ez dute sare sozialik. Guk gauza asko igoten ditugu sareetara, eta bertatik ematen gara ezagutzera. Herri plataforma bat gara, eta hortaz, ez dugu diru asko. Horregatik, ez daukagu buzoien bidez informazio zabaltzeko aukerarik. Zerbitzu hori martxan jartzen den bakoitzean, 1000 euro inguruko kostua izango litzateke, eta hori ezinezkoa da guretzako».
Aurkeztutako margolana.Plataformaren helburua, bermeoko kultura, paisaia eta historiarekin lotuta dauden gaiak lantzea da. Hori guztia «ondo baino hobeto» erakusten du Liz Gomez artista estatubatuarrak egin duen margolanean. Guzanetik «ezinbestekoa» ikusten zuten elkarlan artistiko bat egitea, eta Gomezekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
Gomez orain dela bederatzi hilabete Bermeora iritsi zen emakume eta artista estatubatuarra da. Plataformatik, Bermeo eta Guzan zer diren marraztea eskatu zioten. Artista estatubatuarra «oso pozik» agertu da eta proiektuak ilusio handia egiten diola aitortu du. Guzaneri eskerrak eman dizkio proiektu honetarako bera kontuan izateagatik.
Margolana egiteko Guzanek herriagaitik daukan konpromisoan oinarritu dela esan du. Lanaren ikonografia Bermeoko armarrian dago oinarrituta eta Aritzatxu eta Xixili dira koadroko elementu identifikagarrienak. Gomez bermeotarrez inguratu zen herriaren «irudi erreal» bat margozten zuela baieztatzeko.
Egitaraua.
ZAPATUA (maiatzak 28), 19:00. Ekimenaren aurkezpena egingo du Guzanek zapatuan, Bekoportalen. Madrilen bizi den Cesar Calderon eta Miren Gabantxoren arteko elkarrizketa bat izango da, gazteleraz.
EKAINAK 4 (zapatua), 10:00. Lurre Hurre auzolan ekimena antolatu dute, Almikan. Familiei bideratuta dago.
EKAINAK 10 (barikua), 19:00. Jon Ander Urrestiren Tribiz, baserri galdue antzerkia. Artza frontoian izango da.
EKAINAK 16 (eguena), 17:30. Komunitate energetiko herritarrak, Arrantzaleen Museoan egingo den solasaldi bat izango da. Oier Etxebarria eta Maite Alonso izango dira protagonistak.
EKAINAK 22 (eguaztena), 18:00. Herri plataformak Bizkaiko udal gobernuetan solasaldia izango da Bermeoko Kafe Antzokian. Bizkaiko hainbat herri plataformetako kideak izango dira bertan.
EKAINAK 28 (martitzena), 19:00. Asier Romero UPV/EHU-ko irakasle bermeotarrak Izaro 600 urte: Bermeoko altxorra hitzaldia eskainiko du. Frantziskotarren komentuan emango ditu Izaroren inguru azalpenak.