Hiru hilabetez luzatu diote presoaldia Pablo Gonzalezi
Przemsyleko lurralde auzitegiak Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarraren prebentziozko espetxeratzea hiru hilabetez luzatzea eta inkomunikazioa mantentzea erabaki du. Gonzalezen abokatu poloniarrak zazpi eguneko epea du orain, helegitea aurkezteko.
Przemysleko lurralde hauzitegiak, Polonian, Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarraren prebentziozko espetxeratzea hiru hilabete gehiago luzatzea erabaki du. Horrenbestez, epaileak fiskalaren eskariari jaramon egin dio, eta Gonzalezek espetxean jarraituko du, Poloniako justiziari jarraiki. Kazetariaren abokatu poloniarrak, Bartosz Rogasak, Efe agentziari aurreratu dio “ez daudela inondik inora ados epaimahaiak hartutako erabakiagaz”; beraz, helegitea aurkeztuko du epai horren kontra, baina, gaur-gaurkoz, Gonzalezek espetxean jarraituko du.
Rogasak adierazi duenaren arabera, Poloniako justizia ez dago derrigorturik erabaki horren azalpena edo justifikazioa argitara emateko: “Epaiaren puntu honetan, epaimahaiak erabaki hori inongo argipenik eman barik hartzeko eskumena dauka, eta, horregatik, Gonzalezi buruzko informazio baliagarri guztia klasifikatuta dago une honetan”. Rogasak zazpi eguneko epemuga dauka Rzeszowko apelazio epaitegian errekurtsoa aurkezteko. Ondoren, epaitegiak beste hiru asteko tartea izango du, erabaki bat hartzeko. Auzia zein izango den ezagutzeko, ondorioz, hilabete bat itxaron beharko da. “Epaitegiak hartu duen erabakia ez da behin betikoa, baina aplikagarria da, eta horrexegatik jarraitzen du Gonzalezek espetxeratuta”, azaldu du abokatuak.
Gonzalezen abokatu poloniarrak, Bartosz Rogasak, zazpi eguneko epemuga du Rzeszowko apelazio epaitegian helegitea aurkezteko
Familia, atsekabetuta. Gonzalezen emazte Oihana Goirienak HITZAri adierazi dio erabaki hori espero zuela, “zeharo mingarria izan arren”: “Poloniako justiziak orain arte zelan jokatu duen ikusirik, nik neuk ez nuen ezer onik espero”. Goirienaren eta senide nahiz lagunen esperantza inkomunikazio egoera malgutzea zen: “Pentsatzen genuen zitak hartzeko edota telefono deiak egiteko eskubidea emango ziotela, baina, nolanahi ere, hiru hilabeteko luzapen hori orain arte bezalakoa izatea gura dute, hau da, inkomunikatua”.
Goiriena: “Tamalez, Pablo inkomunikatuta dago, eta bere aldeko elkartasun olatua ez da preso duen zeldara iristen”
Pablo Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka armatuaren inguruan informatzen ari zela; hain zuzen ere, Ukraina eta Polonia arteko mugan jo zuten beragaz. Hasiera-hasieratik, Poloniako justizia aplikatu zaio kazetariari. Hori dela eta, isolamendu egoera bizi du: Ezin izan du ia hartu-emanik izan bere abokatu Gonzalo Boyegaz eta bere senideekin. Atxilotu osteko lehen egunetan, gainera, ofiziozko abokatua edukitzeko aukera baino ez zioten ahalbidetu. Abokatu hori Poloniako fiskaltzak ezarri zion, eta azkenean abokatuak berak bertan behera utzi zuen Gonzalezen kasua.
Poloniako justiziak Errusiaren aldeko espioitza egin izana leporatzen dio Elantxobeko kazetariari. Dena dela, auzi horretan Poloniak Gonzalezen kontra dituen probak “inongo baliorik gabekoak” dira, Boyek azaldutakoaren arabera: “Errusiar pasaportea topatu zioten, Pavel Rubtsov izenagaz; izen hori Pabloren baliokidea da, eta Rubtsovek Moskun jaiotakoa dela baino ez du esan gura. Bere kontrako materialak ez du legezko pisurik”.
Gonzalez apirilean mugitu zuten hasieran eroan zuten Rezszowko espetxetik Ukrainaren eta Poloniaren arteko mugan dagoen Radom herrikora. Kartzela hori Varsoviatik kilometro oso gutxitara dago, eta bertan da, hain zuzen, Espainiako Gobernuko kontsulatua. Dena dela, Espainiako Gobernuak orain arte auzian izandako esku hartzea “murritza” izan dela adierazi du Boyek: “Espetxera sartu zutenez geroztik, familiakoekin batera salatu dugu Espainiako Gobernuko autoritateek ez dutela Gonzalezen kasuan sartu gura izan, alegia, Espainiako Gobernua ez dela saiatu kasua Poloniako beren homologoekin konpontzen”.
Boye: “Espainiako Gobernua ez da saiatu Gonzalezen kasua Poloniako beren homologoekin konpontzen”
Goirienak, gai horretaz galdetuta, azaldu du orain arte ez dutela “ezertan edo ia ezertan” lagundu: “Epaitegiaren erabakia publiko egin berri da, eta, hortaz, ikusi beharko da aurrerantzean zein izango den gobernuaren jarrera. Egia da espetxealdia hasi zenetik ez dutela kolaboratzeko borondaterik agertu, are gehiago, Poloniako justizia zuritzen ibili direla, baina orain itxaron egin beharko da”. Espainiako autoritate kontsularrei dagokienez, bestelako iritzia du kazetariaren bikotekideak: “Kontsulak Pabloren kasua argitzeko ahaleginak egin dituela igarri dugu, saiatu egin da, behintzat; kontua da kontsulatuaren boterea eta eragin esparrua mugatuak direla, eta bere laguntza ez dela nahikoa”.
Bien bitartean, hainbat eta hainbat dira senideak jasotzen ari diren elkartasun eta babes mezuak, eta Goiriena eskertuta ageri da: “Babesa erakutsi diguten guztiei eskerrak eman gura dizkiet, pila bat baitira heltzen ari zaizkidan mezuak. Tamalez, Pablo inkomunikatuta dago, eta bere aldeko elkartasun olatu hau ez da preso duen zeldara iristen. Pena izugarria ematen dit horrek ere”.