Gizakerren inkestaren bestelako gogoeta bat egin du Guzanek
Guzanek uste du "garrantsitsua" dela horien ikuspuntua azaleratzea, udal gobernuarenak "oso sinplistak" izan baitira.
Gizakerrek Bermeoko Udalarentzat egin duen inkestaren emaitzak jakitera eman zituen udalak apirilaren hasieran. Herritarrei telefonoz egindako inkesta horietatik ateratako zenbait ondorio azalerazi zituzten, eta Guzan herri plataformak inkesta horren bestelako gogoeta bat egin du, eta euren interpretazioa zabaldu gura izan dute.
Guzaneko bozeramaile Xabi Ortuzarren arabera, bermeotarrek Bermeo okerrera doala uste dute, “nahiz eta hori ez den nabari udalak zabaldu dituen ondorioetan”. 2020ko datuekin alderatuta, ia atal guztietan emandako puntuazioek “behera” egin dutela dio: “Propagandaren garai batean bizi gara. Sare sozialetan eta komunikabideetan gauza bat saltzen ari dira, benetan gero ez dena; ez dator bat herrian bizitzen ari garenagaz”.
Guzanek uste du “garrantsitsua” dela horien ikuspuntua azaleratzea, udal gobernuarenak “oso sinplistak” izan baitira: “Oso azaletik joan dira, eta ikusi gura izan dutena baino ez dute azalerazi, baina EAJren eskuetan dagoen udalaren kudeaketaren ebaluaketak txarrera egin duela ondorioztatu daiteke inkesta bat eta bestea alderatzen baditugu”.
Herritarrei horien ikuspuntua agertzeko, hiru bideo egin dituzte, eta sare sozialetan ikusi daitezke. Gainera, herri plataformaren webgunean eskegi dituzte 2020ko eta 2022ko inkestak: “Gura duenak alderaketa egiteko aukera eduki dezan eta bakoitzak bere ondorioak atera ditzan, guk sakondu duguna baino gehiago sakontzen du eta”.