Pasealekuko txapelketak bueltatuko dira, udako arratsaldeak girotzeko asmoz
Horietan parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute, eta horretarako epea zabaldu du udalak: maiatzaren 30etik ekainaren 10era artekoa.
Udako arratsaldeetan, kirol zaleen topagunea izango da berriro ere Pasealekua. Beste urte batez, eta badira dagoeneko 35 edizio, herriko kirolzaleak batuko dituzte Pasealekuan lehiatuko diren futbol, saskibaloi eta pilota txapelketek. Ekainaren 27tik abuztuaren 5era artean lehiatuko dira txapelketak.
Horietan parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute, eta horretarako epea zabaldu du udalak: maiatzaren 30etik ekainaren 10era artekoa. Interesa dutenek Santanape kiroldegian izena eman ahalko dute ekainaren 9an eta 10ean, 18:00etatik 21:00etara bitartean, edota izena emateko inprimakia deskargatu eta bete beharko dute, gero, kartelean ageri den telefonora whatsappez bidali beharko dute.
Pasealekua izango da hiru kirolen joko zelaia. Futbitoren kasuan, kategoriak benjaminetatik seniorretara gauzatuko dira; saskibaloian, berriz, futbitoko kategoria berez gain, infantilak ere arituko dira; eta, esku pilotan, kategoria bakarra egongo da, 2005a baino lehen jaiotakoena.
Futbol eta saskibaloi partidetarako 50 euro ordainduko dira, eta pilotarako, berriz, 10 euro bikoteko.
35. edizioa.
Gernika-Lumoko Udalak eta udalerriko hainbat kirol klubek berreskuratu dute udako txapelketa: Gernika Kesbek, Gernika Erabil Futbol Salak eta Arkupe Pilota klubak. Pasealekuko txapelketa historikoaren 35. aldia izango da aurtengo, pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ondoren.
Ekimena 1978an sortu zen, futbito partiduekin, eta sei urte beranduago, saskibaloia gehitu zen. Futbitokoa 2004a arte lehiatu zuten Pasealekuan, eta 2006tik aurrera Urbietan jokatu zen, futbol 7 moduan, 2010a arte. 2018an Pasealekuko txapelketak berreskuratu zituzten, eta 2019an esku pilota izan zen berritasuna.