Foru Aldundiak San Antonio hondartzako aparkalekuko zorua hobetu du
Azken urteetan Busturiko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari sarritan eskatu dion proposamena izan da aparkalekuaren hobekuntza.
Bizkaiko Foru Aldundiak San Antonio hondartzako aparkalekuko zorua hobetu du. Busturiko Alkate Aitor Aretxagak adierazi duenez, egin beharreko obra bat zen; “batez ere, eguraldi txarra egiten zuenean aparkalekua oso gaizki geratzen zen”.
Foru Aldundiari urtero eskatzen zitzaion hobekuntza bat dela aitortu du Aretxagak: “Aurten hondartzetara bideratutako aurrekontua hasi egin denez, aldundiak Busturiko Udalaren eskaera onartu du”.
Aretxaga alkateak azaldu duenez, lehenik eta behin harri gogorra jarri dute aparkalekuko zoruan; “orain arte egon diren drainatze arazoekin bukatzeko egin dituzte lan horiek”. Izan ere, euria egiten zuen bakoitzean putzuak sortzen ziren San Antonioko aparkalekuan.
Alkateak jakitera eman duenez, aparkalekua Bizkaiko Foru Aldundiaren lurretan kokatuta dago: “Orain dela urte batzuk, hondartzara joaten zen jendeak autoa edonon uzten zuela ikusita, aldundiak lur horiek erostea erabaki zuen, eta autoakk uzteko tokia egokitu zuen”. Hala eta guztiz ere, azken urteetan Busturiko Udala ibili da aipatu aparkalekuak behar zituen “hobekuntza lan txikiak” egiten.