Bermeoko Udalak Iparragirre eta Itxasbegi kaleetako iriste erraztasuna hobetzeko lanak amaitu ditu
Bermeoko alkatearen esanetan, udalaren betebeharra da bermeotarren bizi kalitatea hobetzea. Gaineratu du, inguru horretako bizilagunek "asko irabaziko" dutela lanoi esker.
Bermeoko Udalak Iparragirre eta Itxasbegi kaleetako iriste erraztasuna hobetzeko lanak egin ditu; lanok 274.261,98 euroko kostua izan dute (BEZ barne).
Bermeoko alkate Aritz Abaroak adierazi duenez, lan hauei esker inguru horretako herritarrek euren etxeetara joateko “bide atsegin, seguru eta praktikoago bat” daukate.
Abaroaren esanetan, udalaren betebeharra da bermeotarren bizi kalitatea hobetzea. Gaineratu du, inguru horretako bizilagunek “asko irabaziko” dutela lanoi esker. Iriste erraztasuna hobetzea udalaren “helburu estrategikoetako” bat dela aitortu du.
Itxasbegin, hain zuzen, Txibitxiaga kaletik doan kale tartean egin dituzte lanak. Gaur egun oinezkoek gehien erabiltzen duten tartean egin dituzte hobetze lanak. “Orain arte igarobide hori deserosoa eta iluna zen, eta bere eskailera eta arrapala ez ziren oinezkoentzat egokienak”, azaldu du. Hori dela eta, erabaki zuen udalak aipatu hobekuntze lanak egitea.
Iparragirre kaleko obrei dagokionez, euste-horma bat aldatu dute; horrela, kalearen puntu estuena zabaltzea lortu dute. Udalaren esanetan, zabaltze lan hauei esker, iriste erraztasuna “nabarmen hobetu” da, eta emergentziazko zerbitzuen ibillgailuak, esaterako, “errazago” igaro ahal izango dira. Horrez gain, kaleko zoladura osoa berritu dute.
Inguruan egin dituzten egokitzapenei esker, Txibitxiaga kaleko blokeetako 1. zenbakiko bizilagunek igogailua jartzeko aukera izango dutela jakitera eman dute udaletik.