Bermeo FTk Derioren aurkako garaipenagaz amaitu ditu play-offak
Derioren kontra 3-2 irabazi du Bermeo FTk, eta play-offak sailkapeneko erdialdean bukatu ditu.
Bermeo FTk amaitu ditu Ohorezko Mailako play-offak. Lesioak nagusi izan dira Hirugarren Mailara igotzeko bidean, eta Bermeo FTko entrenatzaile Ibon Uriarteren esanetan, taldeak “ahal izan duen guztia egin du, jarrera positiboa eta batezbesteko joko maila duina erakutsiz”. Padura taldea gailendu da play-offetako lehian, Dinamo San Juanen eta Santurtziren aurretik, eta Bermeo FTk taulako erdialdean amaitu du. Azken partidua Derioren kontra jokatu zuten. Uriartek adierazi du “oso lehiatua” izan zela: “Akats bat egin genuen hasieran, eta berdinketagaz joan ginen aldageletara; bigarren aldian, txartel gorri bat jaso genuen, baina 3-2 irabaztea lortu genuen, aurkari sendoenetako baten kontra”.
“Bermeo FTri babes eta sostengu bat eman behar zaio, zuzendaritzatik hasita”
Egiturazko aldaketa bat. Uriartek, datorren denboraldian, ez du Bermeo FTko lantaldean segituko, baina argi du zer aldatu beharko litzatekeen: «Beharrezkoa da aldaketa estruktural bat egitea. Proiektuari bestelako babes eta sostengu bat eman behar zaio, zuzendaritzatik hasita; inguruko beste talde batzuk eredu hartu beharko lituzkete, eta kirol proiektua mimo handiagoagaz jagon».