Aritzatxuko kai muturra konpontzen dabiltza
Joan den astean hasi zituzten lanak eta bi astetan amaitzea aurreikusten dute. Beraz, hondartza denboraldia hasten denerako prest egongo da Aritzatxuko kai muturra.
Espainiako Estatuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren menpe dagoen Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Kosta Mugapea Bermeoko Aritzatxu hondartzako kai muturra konpontzeko lanak egin dabil. Lanen aurrekontua 20.000 eurokoa da, eta jakitera eman dutenez ministerioak finantzatuko ditu.
Lanok eginda egon behar zirela azaldu dute, itsasoaren baldintzengatik, baina, lanok atzeratu behar izan dituzte. Hala, joan den astelehenean, maiatzaren 16an, hasi ziren lanekin; “olatuen eta itsasaldien baldintzak egokiak baitziren”. Bertan egin behar dituzten jarduketen eskakizun teknikoak direla eta, “beharrezkoa” da, itsasoaren egoera “modu egokian” egotea: “Azterketa bat egin ondoren ondorioztatu zen itsasoaren maila 0,50 metrotik behera egon behar zela, eta ez ziren olatuak egon behar. Eremu horretan olatuek eragin handia dute, eta hortaz, arriskuan jartzen dituzte bai langileak eta baita ere obraren ondasunak”.
1970eko hamarkadaz geroztik dauka Aritzatxuk kai muturra. Haren helburua da inguruko harea babestea, modu horretan zerbitzua ematen jarraitu daiteke hondartzako erabiltzaileei. Diotenez, azken aldian nabaritu izan dute batzuetan “hare asko galtzen” ari zela. Hala, Kosta Mugapeak ikuskapen eta azterketa desberdinak egin ditu; horiei esker konturatu dira zuloak zeudela kai muturraren erdigunean eta paramentuan. “zulo horietatik harea galtzen zen olatuen eta itsasaldien eraginez”, esan dute. Hortaz, kai muturra konpontzea erabaki zuten. Hain zuzen ere, kai muturreko zuloak betetzen ari dira material gogorrekin.