Euskadiko Trainerilla Txapelketa irabazi du Bermeok
Gizonezkoen absolutu mailan nagusitu da talde bermeotarra. Guztira, 13 minutu eta 37 segundoko denbora behar izan dute lehia irabazteko. Gizonezkoen absolutu mailako lehiaz gain, emakumezkoen eta gizonezkoen gazte mailetako finalak ere lehiatu dira, Kaiku eta Itsasoko Ama gailenduz, hurrenez hurren.
2018an azken aldiz lortutakoa eskuratu dute gaur arraunlari bermeotarrek: Euskadiko Trainerilla Txapelketa. Ondarroako uretan lortutako garaipenagaz, talde bermeotarra da gizonezkoen senior kategorian Euskadiko Trainerilla Txapelketa gehien dituena.
Bermeok nagusitasunez irabazi du gizonezko absolutu mailako estropada. Izan ere, bigarren sailkatuak baino 14,83 segundo azkarrago amaitu dute. Bermeoko arraunlariek, guztira, 13 minutu eta 37 segundoko denbora behar izan dute lehia irabazteko. Hirugarren kaletik abiatu den Zierbena izan da txapelketako bigarren sailkatua (13: 51, 83), eta haren atzetik ailegatu dira Ondarroa eta Isuntza, hirugarren eta laugarren. Ondarrutarrek 14 minutu, 13 segundo eta 38 ehunen behar izan dute estropada amaitzeko, eta lekeitiarrek 14 minutu 52 segundo eta 47 ehunen.
Gizonezkoen absolutu mailako lehiaz gain, emakumezkoen eta gizonezkoen gazte mailetako finalak ere lehiatu dira, Kaiku eta Itsasoko Ama gailenduz, hurrenez hurren.
3.500 metroko tartean, Kaiku izan da emakumezkoen talderik onena, 16 minutu, 27 segundo eta 31 ehunenetan denbora geldituz. Lehia estua izan da, garaileek baino 5 segundo gehiago behar izan baitituzte bigarren sailkatuak izan diren Zumaiako arraunlariek; 16 minutu, 32 segundo eta 32 ehunenetan gelditu dute kronometroa. Hirugarrenak izan dira Isuntzako gazteak, 16:39,72ko denboragaz, eta laugarren sailkatu dira Ondarroakoak, 14:45,44 denboratan amaitu dute lana.
Gizonezko gazteetan, berriz, Itsasoko Amak hamar segundoko aldeagaz garaitu du Ondarroa. Irabazleek 14 minutu, 47 segundo eta 10 ehunen behar izan dituzte. Hirugarrena izan da Kaiku, eta laugarrena San Juan; lanak amaitzeko 15:17,42ko denbora behar izan dute bizkaitarrek eta 15:19,10ekoa gipuzkoarrek.