Musika herriratzeko kontzertua
Segundo Olaeta Musika Eskolako bandak kontzertua eskaini zuen atzo Industria kalean, bertaratu ziren ikus-entzuleen aurrean. Musika herriratzea da musika eskolako musikarien asmoa.
Musika eskolako hormak alde batera utzi eta doinuak kalera atera zituzten atzo Segundo Olaeta Musika Eskolakoek. Gernikako herrigunea musikaz betetzea zen SOMEko Banda Sinfonikoa osatzen duten musikarien asmoa, eta hala egin zuten. Gure banda auzorik auzo lelopean, Idustria kalean kontzertu bikaina eskaini zuten, eta inguruan zeuden herritarrek adi-adi jarraitu zituzten doinuak.
19:00 orduko, zirkulu erdia osatuz, prest zeuden musikarien aulkiak eta atrilak. Euren kutxatiletatik aterata zituzten instrumentuak. Azken entsegua egin eta gero, kalea erritmoz betetzeko gogotsu zeuden musikariak. Emanaldia hasi aurretik, kontzertua ikustera bertaratu ziren lagunekin berbetako aprobetxatu zituzten azken minutuak batzuk, eta euren lekuetan jesarrita partiturak errepasatzen aritu ziren beste batzuk. Klarineteen, zeharkako flauten, tronpen, tronpeten, biolontxeloen, baxuen edo gitarra elektrikoaren doinuak banaka-banaka entzuten ziren kalean, kontzertua noiz hasiko esperoan.
19:00ak heldu zirenean, baina, banakako doinu horiek guztiak bateratu eta sinfonia bakarra osatu zuten, bertaratu zirenei kontzertu berezi eta hurbila eskainiz. Gazteak, nagusiak, haurrak… gustu eta adin guztietako herritarrak batu ziren bandaren inguruan, eta musikarien erritmoak adi-adi jarraitu zituzten entzuleek. Bruno Mars, Amy Winehouse, Queen, Iron Maiden edo Ozzy Osbourne bezalako artisten bertsio sinfonikoak entzun zituzten bertaratu zirenek, eta kantu bakoitzarentzako txalo zaparrada bat izan zuten.
Musika herrira.
Udalerriko auzo ezberdinetan kontzertuak eskaini gura ditu Segundo Olaeta Musika Eskolako bandak, Gure Banda auzorik auzo proiektuaren baitan, eta bigarren emanaldia izan zen atzokoa. Udalerriko musiak eskolak herritarren musika heziketa sustatzeko konpromisoa dauka, eta auzoz auzoko kontzertuekin bilatuko du hori. “Lehenengo emanaldiaren balorazio oso positiboa egin genuen, jendeak gogotsu hartu zuen emanaldia, eta bigarren bat egitea erabaki genuen. Musika eskolatik atera eta musika eskaini gura diegu gernikarrei“, azaldu du Artur Sustatxa bandaren zuzendariak.
Denetariko gustuei zuzendutako musika emanaldiak dira, izaera berritzailea daukatenak. Izan ere, azken ikasturteetan Lizeo Antzokian, Jai Alai frontoian edota San Juan Ibarran eskainitako kontzertu handien ordez, edukiera txikiagokoak prestatu dituzte. “Eskaini ditugu lehenengo bi kontzertuak, eta formatu handiko emanaldiak egiteaz aparte, eredu honekin jarraitzea da asmoa”, zehaztu du. Hori esan eta, irailerako, Errenteria inguruetara joateko asmoa dutela iragarri du zuzendariak, auzoetara ere musika eramatea bilatu gura dutelako.
Ekainak 24.
Talde sinfonikoaren hurrengo proiektua ekainaren 24an izango da, Rock N’Band formatu handia berreskuratuz. Bertan, Segundo Olaeta Musika Eskolako banda, rock talde bat eta eskolako abeslari ugari ibiliko dira elkarrekin jotzen, Ross Dantza eskolako koreografiekin indarrak batuta. San Juan Ibarrako jaiak girotzeko kontzertua izango da datorren hilabetekoa.