Mahonez jantzi da Bermeo
Zapatua izan ohi da egunik jendetsuena herrian, eta Bermeotik zein inguruetako herrietatik hurbildutako bisitariek udalerriko kaleak bete dituzte azokaren bigarren egunean. Mahonezko arropak eta zapiak armairutik atera eta soinean jantzi dituzte, kosta herria urdinez jantziz.
Gorriz markatutako eguna. Hori da Bermeoko Arrain Azoka bermeotarrentzat. Bi urteren ostean, mahonezko arropak eta zapiak armairutik atera eta soinean jantzi dituzte, kosta herria urdinez jantziz. Erraz sartzen dira giroan bermeotarrak, eta goizean goizetik musikaz, lagunez, irribarrez, atunez eta jai giroz bete dute Arrain Azoka. Atzo ireki zituen bere ateak azokak, eta bihar arte denetariko produktuak eskuratu daitezke bertan.
Gauzak “bertoko erara” ez diren beste modu batera egiten ikusteko, ikasteko eta hausnartzeko aukera emango du aurtengoan, eta jendearen erantzuna bikaina izaten ari da. Bermeotaren izaera, tradizioa, nortasuna eta produktuak zaintzen ari dira herritarrak.
Zapatua izan ohi da egunik jendetsuena herrian, eta Bermeotik zein inguruetako herrietatik hurbildutako bisitariek udalerriko kaleak bete dituzte azokaren bigarren egunean.
Camposeko kideek adierazi dute gaur atzo baino jende gehiago bertaratu dela azokara, eta “ondo” saltzen ari direla: “Salmentak ondo doaz, mugimendua dago, betiko erosketak zein erosketa berriak egiten ari dira Bermeora etorri direnak, eta pozik gaude”. Egun handia da eurentzat, azken urteetako azoka birtualetik aurrez aurreko azokara bueltatu direlako. “Kontsumitzaileen eta herritarren aurpegiak ikustea bestelako kontua da”.
Iritzi berekoa da Lurdes Etxebarria Etxeko Makailoa enpresako arduraduna. Pentsatzen zutena baino “hobeto” ari dira saltzen Arrain Azokan, eta Bermeoko azokak eurentzat duen garrantzia azpimarratu du: “Urte zaila izaten ari da, eta azokak lagunduko digu aurrera egiten”. Jendeagaz hartu emana hobetzen dela azoketan dio, aurrez aurreko kontaktuak harremanak estutzen “asko” laguntzen duelako. “Ez da bakarrik produktuak ezagutzea, gomendioak ere ematen ditugu, eta jendeagaz harremanak estutzen ditugu. Gaur egun modan dago online erostea baina ez dago azokan erostea modukorik”, adierazi du, eta gehitu du denda txikiek halakoak behar dituztela.
Urdaibai Kontserbak enpresako Aitor Ganboa gelditu barik aritu da lanean: “Jendea animatuta dago, nabaritzen da. Oso ondo doa eguna, eguraldia gure alde dago, eta hasi garenetik gelditu barik gabiltza”. Eurentzako ere “oso garrantzitsua” izan da azokara bueltatzea: “Gu familia enpresa oso txikia gara eta halakoak behar beharrezkoak ditugu. Guretzako erakusleiho oso ona da Arrain Azoka, gure produktuak probatu eta saltzeko”. Jendeagaz berba egitea gustatzen zaie, nabaritu da azokan, gerturatzen ziren guztiei prestutasun osoz erantzuteko prest zeudelako.
Alakranako Endika Etxebarria “topera” aritu da atunaren tatakiak egiten, espero zuena baino jende gehiago gerturatu delako azokara: “Festan egoteko giro aproposa dago”.
Kontserbak ez ezik, txakolina ere probatu eta dastatu dute azokara bertaratu direnek. Roman Menstraitua Urdaibaiko txakolinak enpresako arduradunak dio “jende asko” ibili dela, eta “asko probatu” dutela: “Salmentak ondo doaz, zozer gehiago espero genuen, baina eguna ez da amaitu eta ondo joatea espero dugu”. Bermiotarrontzako egun berezia dela aitortu du, eta azok berriro martxan jartzea “oso garrantzitsua” izan dela nabarmendu du.
Elkartasunaren txokoa.
Bermeoko Kofradi Zaharrean atun errea eta marmitakoa eskaintzen ari dira asteburu osoan, elkartasuna batzeko asmoz. Izan ere, euren garapenean arazoren bat duten edo izan dezaketen sei eta hamabi urte bitarteko umeentzako estimulazio programak garatzera bideratuko dute batzen den dirua.
Kofradia Zaharrean lanean aritu da Santi Parra, eta bertan boluntario modura ibiltzea “ederra” dela dio: “Bermeotarrentzako egun ederra da gaurkoa, jendeak ondo pasatzea gura dugu. Hiru egunean beharrean ariko bagara ere, gustura egiten dugu, umeei laguntzea baita azken helburua. Osakidetzak ezin dizkie gastu guztiei aurre egin, eta guk lagundu gura dugu”.
Zehaztu duenez, marmitakoaren 100 errazio inguru banatu zituzten atzo, eta gaur eguerdirako 150 inguru banatu dituzte: “Ederra izaten ari da, egun handia da. Gelditu barik ari gara lanean, gogotsu eta pozik gaude laguntzearren”.