Eskualdeko enpresen teknologiak ezagutu dituzte ikasleek
Busturialdeko 310 ikasle batu ziren atzo, Gernika-Lumoko Astran, Lea Artibaiko eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak antolatutako Zientzia eta Teknologia egunean.
Busturialdeko DBH 4. mailako 310 ikasle batu zituen Zientzia eta Teknologia Egunak, atzo, Astran. Gazteak enpresetara eta enpresak gazteengana hurreratzea helburu zuen Lea Artibaiko eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak antolatutako egunak, eta lortu zuten bilatzen zutena; izan ere, gazteek inguruko enpresen lana eta teknologia ezagutu zuten.
Enpresa horien lana balioan jartzea zen ekimenaren asmoa, eta, horretarako, eskualdearen ezagupena sustatzea beharrezkoa zen, industria zelakoa den erakutsi eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langileen profilak ezagutzera ematea, alegia. “Helburua da gazteak eskualdeko enpresen teknologia ezagutzea“, adierazi zuen Yanoba Mariezkurrena Lea Artibai Fundazioko teknikariak.
Ikasteko modu desberdin bat izan zen atzokoa. Inguruko enpresek ematen dituzten aukerak eta erabiltzen dituzten teknologiak ezagutzekoa, ulertzekoa eta probatzekoa. Ikastetxeko lau pareten barruan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan zuten ikasleek. “Ikasleak dira gure etorkizuna, eurei begira antolatzen dira ekintza hauek eta parte hartzen daudela ikusteak bultzada ematen digu”, adierazi zuten antolatzaileek.
Hain zuzen ere, zientziak eta teknologiak ematen dituzten milaka aukeretatik hamahiru ezagutu zituzten. Izan ere, parte hartze handia dela eta, bi txanda antolatu behar izan zituzten ikasleak, txanda bakoitzeko 13 esperientzia mahaitan banatuta. “Zelako teknologia erabiltzen dugun ikusi eta zientzia eta teknologiari beldurra kentzea bilatu dugu, erabiltzen ditugun tresnak eurei hurreratuz”, zehaztu zuten. Hori dela eta, kooperatiba mahaiko enpresek edota EHUko ikerlariek euren ezagutzak partekatu zituzten ikasleekin. Zientzia eta teknologia arloan, denetarik landu zuten: matematikak lantzeko programak ikusi zituzten, baita robotikakoak edo esperimentatzekoakere ; elektrizitateari, elektronikari edota 3D teknologiari buruzko esperientziak ere ez ziren falta izan. Denetarik egon zen. “Ahalegindu gara dibertsitatea eskaintzen; estigmak oso zabalak dira eta arlo ezberdinak jorratzen saiatu gara”, azaldu zuen Mariezkurrenak.
Bidatz Basterretxea Lea Artibai Fundazioko teknikariak adierazi zuen ikasleen eta irakasleen lehenengo erantzuna “ona” izan zela: “Ezustekoa eroan dute ikasleek eta zoriondu egin gaituzte irakasleek”. Dioenez, Zientzia eta Teknologiaren eguna aukera ona da gazteei era ezberdin batean industria eta enpresa mundura hurbiltzeko eta teknologia ezberdinaren berri emateko: “Ikastetxeetako ezagutza hori enpresako gaietan lantzeko egun berezia da”.
Lehenengoz Busturialdean.
2017an abiatu zute Talentatu proiektuaren baitan kokatzen da Zientzia eta Teknologiaren eguna, eta lehenengoz antolatu dute Busturialdean. Lea Artibai eskualdean aktibatu zuten lehenengo eta lehen ikasturte horren balorazioa “oso positiboa” izan zenez, hori Busturialdera zabaltzea erabaki zuten. “Zergatik? Oso proiektu interesgarria zela ikusi genuen eta zabaltzea erabaki. Pandemaia dela eta ezin izan dugu Zientzia eta Teknologia eguna antolatu, baina ikasturtean zehar ekintza desberdinak egin ditugu”, azaldu du Mariezkurrenak.
Hain zuzen ere, guztira, Lea Artibaiko eta Busturialdeko 2.300 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute Kooperatiben Mahaiak antolatutako ekintza desberdinetan. “Ikasturtean zehar Busturialdeko eta Lea Artibaiko ikastetxe ezberdinekin ekintza desberdinak lantzen ditugu gazteak inguruetako enpresetara hurbiltzeko. Enpresen eta ikastetxeen elkarlana bultzatzen du proiektuak, euren arteko hartu-emana etengabekoa izateko”.