Tokiko itsas historiaren azken ikurretako baten barruak ikusteko aukera
Ortube Ontziaren Lagun Elkartea taldeko boluntarioak ontziaren berreskurapen lanak amaitzen dabiltza, eta bisita gidatuak egingo dituzte asteburuan, Arrain Azoka tarteko.
Ortube arrantzontzia Bermeoko portuko karroan dago, baina bere barruan boluntarioak jo eta su ari dira lanean, Bermeoko ontziteriako azken baporea berreskuratu guran. Izan ere, urte luzez kaian albo batera utzita egon ostean, Bermeoko eta, oro har, Euskal Herriko itsas kulturaren ikurretako bat den ontzi hori berreskuratu guran dabil Ortube Ontziaren Lagun Elkartea. Hamasei lagun inguru dira lantaldean, eta zapaturo ontzian elkartzen dira, beharrerako.
Talde horretako kide da Jesus Urkidi bermeotarra. Haren ustez, “ondarearen aldeko berreskurapen lan esanguratsua” egin dute elkartekideek. Izan ere, goitik beherako mantentze lanak egin dizkiote arrantzontziari, 2016ko apirilaz geroztik. Tartean, 9.000 ordutik gora egin dituzte lanean, eta, Urkidiren arabera, itsasontzia “nahikoa berreskuratuta” dago. Arazo bakarra daukate: diru sarrerarik eza.
Oztopo hori da aipagarriena beraien helburu nagusiari begira: Ortube bere kokagune naturalera, alegia, uretara bueltatzea. Horri, era berean, motorraren kontua gehitu behar zaio. Gaur arte, eginbehar guztiak elkartekoek egin dituzten arren, motor makinagaz lotutakoak profesional talde baten eskuetan utziko dituzte. Besteak beste, Bermeoko Udalak “laguntza txikiak” eman dizkio proiektuari. “Guk ez dugu inongo hobaririk ateratzen proiektu horretatik, boluntario modura eta auzolanean gabiltza, baina, gutxienez, pintura edota lanabesak ordaintzeko balio digu”, azaldu du Urkidik.
Baliabideak urriak direnez, bermeotarra ez da ausartzen lanak amaitzeko epemuga bat ematera: “Guk lanean segituko dugu, baina laguntzekin are errazagoa eta bizkorragoa litzateke guztia”. Motor barik nabigatzea oso zaila den jakitun, Urkidik argi eta garbi dauka erakundeak gehiago murgildu behar direla proiektuan, gainontzeko guztia “uretaratzeko ia prest” baitago: “Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren bultzada behar du egitasmoak; guk geure kabuz lan egin dugu eta egingo dugu, baina elkartea ez da gai laguntza ekonomikoak bere kabuz eskuratzeko”.
Jendearentzat zabal-zabalik
Berreskuratze lanak edonorentzako irekiak dira; are gehiago, Urkidik argitu du “interesa duten guztiak” bertaratu daitezkeela obretan laguntza ematera. Dena dela, lan horiek guztiak eta prozesuaren nondik norakoak argitara emateko eta Bermeoko Arrain Azokak erakarri ohi duen jendetza kontuan izanda, bisita gidatuak egingo dituzte.
Malgutasuna da bisita gidatuen ezaugarri nagusia: “Zenbat eta ikusle interesatu gehiago egon, orduan eta bisita gehiago antolatuko ditugu”, adierazi du boluntarioak. Sei eta hamar pertsona arteko taldeak egingo dituzte, eta txandapasa igaroko dira ontziaren txoko ezkutuak ezagutzera. Bisita gidatuotan, Ortube-ren aurrealdea erakutsiko dute, hoberen kontserbatutako gunea baita. Ordubeteko bisitak izango dira, “bisitarien interes mailaren arabera betiere”, eta lanean ibili diren boluntarioek bertaratzen direnen zalantzei erantzungo diete.
Logelak, sotoak, aurreko hiru haztegiak, izoztegiak, makina gela, zubia, ontzi bizkarra eta biltegiak ikusi ahal izango dituzte bisitariek. “Sotoak nahiz logelak guztiz berreskuratuta daude; gehienbat, makina gelan baino ez da geratzen lan handia, gainontzeko guztia berrituta, margotuta eta bisitetarako prest dago”, azaldu du Urkidik.
Beste alde batetik, Arrain Azokaren testuinguruaren barruan, ordu erdi inguruko bideo bat emango dute Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Proiekzioa eten barikoa izango da, 11:00etatik 15:00etara bitartean, eta Bermeoko itsas historiaren kontakizunak ikusi ahalko dira bertan. “Itsasoagaz lotutako pertsonen testigantzak jasotzen dira bideoan: portuko beharginak, saregileak, marinelak eta bestelakoak ageri dira, beren esperientziak kontatuz”.
Proiektuarekiko atxikiduraz galdetuta, “denetariko erreakzioak” jaso dituztela argitu du Urkidik: “Batetik, badira Bermeokoak izanda ere egitasmoaren inguruan ezer ezagutzen ez zutenak; bestetik, interesa eta miresmena agertzen digutenak ere badaude; baina, tamalez, Ortube hondoan egotea gurako luketenak ere badaude. Guk, ahal dugun neurrian, ondarearen zati baliotsua dela ikusarazteko egiten dugu behar, Ortube gure herriko itsas kulturaren azken altxorretako bat da eta”.