Saregile, neskatila eta paketatzaileen erretiro adina lau urte aurreratuko dute
Bermeo, Ondarroa eta Lekeitioko neskatila, paketatzaile eta saregileen baldintzak hobetzeko bidean aurrerapauso garrantzitsu bat dakar Arrantza Lege berriak.
Arrantza Jasangarriaren eta Arrantza Ikerketaren Lege berriari egindako azken aldaketen arabera, sektoreak urte luzez eginiko eskakizun askotarikoetako zenbait bilduko ditu testuak. Lege berriaren berrikuntza nagusietako bat da saregile, neskatila eta paketatzaileen erretiro adina lau urtez aurreratuko duen neurria, pentsioa jasotzeko gutxieneko adinaren koefizienteak gutxienez 0,15 murriztuko baitituzte aurrerantzean.
Apirilaren amaieran aho batez onartu zuen Espainiako Senatuak saregile, paketatzaile eta neskatilen lan baldintzak duintzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioa, eta “aurrerapen historiko” bezala definitu zuen Idurre Bideguren EH Bilduko senatari eta Bermeoko alkate ohiak. Mozioak neskatila, saregile eta paketatzaileek egiten duten lanaren garrantzia azpimarratzea eta arrantza sektoreko emakume horien berdintasuna, diskriminazio eza eta babesa zainduko zituen lege-aldaketan egitea zuen oinarri, aurre erretiroaren gaia erdigunean jarriz. “Kolektibo bakarra da arrantza sektorean ez duena onartuta aurre erretiroa izatea”.
Hilabete geroago, beste “lorpen historiko” bat egin da: “Senatuak gure ekimena aho batez onartu ostean, Arrantza Lege berriak neskatilen erretiro prestazioak jasotzen ditu Jose Luis Escriva ministroak EH Bilduri hitza eman zion bezala” adierazi du Bidegurenek.