'Nor da norbera?' bira etxean bertan hasiko du Etxekaltek
Familia eta lagunen artean jotzeko aukera edukiko dute bermeotarrek gaur, Bermeoko Kafe Antzokian, 21:00etatik aurrera; Dena ondarrutarrak ere taularatuko dira.
Disko berria kalean dauka Etxekalte musika talde bermeotarrak: Nor da Norbera?. Diskoa fisikoa eskuragarri dago, baina plataforma guztietan entzungai ere badago. Disko berria aurkezteko bira ere hasiko dute bermeotarrek, eta etxean bertan daukate lehenengo hitzordua gaur bertan, 21:00etatik aurrera, Bermeoko Kafe Antzokian. Hala, lagun eta senideen artean dakiten hoberena egingo dute gaur gauean. Etxekaltegaz batera, Dena talde ondarrutarra egongo da agertoki gainean.
Etxekalteren lehenengo LPa da Nor da Norbera?, lan luzea, alegia. Elkar estudioetan grabatu eta ekoiztu dute, Victor Sanchezen eskutik.
Diskoaren izenburuko galderari erantzuna ematen baino gehiago, galdera horren inguruan hitz egiten saiatu dira diskoko hamar kantuetan. Bakoitzak ikuspuntu bat lantzen du, eta elkarrekin prozesu bat aurkezten dute kantuek, batak bestearekiko zubiak eraikiz.
Soinu aldetik kantuek estudiora sartu orduko zeukaten dinamika eta energia errespetatu dute, beste edozeren gainetik. Hala ere, esperimentaziorako tartea ere egon dela azaldu dute Elkarrekoek, «soinu propio baten bilaketan aurrerapauso batzuk emanez».
Taldearen helburu nagusia izan da bizipen eta pentsamenduak elkarbanatzea, eta zuzenekoak jotzeko aitzakia izanik hasiko dute aurkezpen bira etxetik.
2015ean sortu zen Etxekalte. 2017an grabatu zuten lehen maketa, Isiltasunetik. 2019ko udan, sei kantuko EP bat kaleratu zuten eta iaz, Arimak Denboran EPa; Habi taldeagaz egindako elkarlanaren fruitua izan zen. Orduan ere, Sanchezekin grabatu eta nahastu zituzten bi kantuak, Elkar estudioetan.