"Nire izena herriak proposatu izana pila bat baloratzen dut"
Hegaluze Saria eman diote bermeotarrek Sardinari. Musika ekoizle eta ingeniaria bideodei bitartez sartuko da saria hartzera, Arrain Azokako aurkezpen ekitaldian.
Zer sentitzen da bermeotarrentzat horren garrantzitsua den sari hau jasotzean?
Bermeotarra izanda, ohore hutsa da. Nire sustraiak Bermeon daude, baita nire famila ere. Hegaluze Saria oso esanguratsua da niretzat. Inoiz ez dut imajinatu irabazi ahalko nukeenik.
Zure izena bermeotarrek proposatua izan dela jakinda, zer sentitzen duzu ?
Askoz ere hurbilagoa eta bereziagoa egiten du sari hori. Sariak, normalean, erakundeek ematen dituzte eta ez dira horren bereziak izaten. Nire izena herriak proposatu izana pila bat baloratzen dut.
Gaztetatik ari zara musikaren munduan lanean. Nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?
Txikitatik gustatu zait gauza berriak deskubritzea, sormenaren prestakuntzan sakontzea. Munduak eskaini behar dizunari neurria hartzen hasten zara orduan: zure gustu musikalak zeintzuk diren jakiten, zein musika genero gustatzen zaizun gehien erabakitzen. Herenegun, esaterako, Carlos Herrera Mexikoko artista handienetako batekin lan egin nuen. Nik musika folklorearekin eta musika mota horrekin zerikusia zuen disko batean lan egin nuen lehen aldian, banuen horri buruzko ezagutza eta sentsibilitatea. Izan ere, nire osaba arrantzalea da, eta berak mariatxiak kantatzen zituen beti, arrantzale askok errepertorio hori dutelako. Influentzia guztiak garrantzitsuak dira, eta ez zara konturatzen askoz beranduagora arte.
Influentzia bategaz geratzekotan, nire lehengusu Rufo Urbietagaz geratuko nintzateke
Musikarekiko dituzun lehenengo erreferentziak edo oroitzapenak zeintzuk dira?
Beste musika taldeen entseguetara joatea gustatzen zitzaidan hasieran. Asko erakartzen ninduen beste batzuek musika zelan egiten zuten ikusteak. Gainera, inguruko kontzertu guztietara joaten nintzen, kontzertu bat bera ere ez nuen galtzen. Jende asko ezagutu nuen horrela, eta beste musikari batzuen entsegu lokaletan sartzen saiatzen nintzen. Ikusten nuen guztiarekin txundituta geratzen nintzen etapa bat bezala gogoratzen ditut lehen urte horiek.
Apurka-apurka hezten joan zara, eta Grammy sariak eskuratzen. Izen propioa daukazu. orain. Zelan hartu zenituen lehen sari horiek?
Prozesu luzea da. Grammyak irabaztea ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait. Eraikitzen zoazen bide bat da. Hasieran zure espazioa eraikitzen duzu; jendea nor zaren jakiten hasten da, zeure burua bilatzen, zurekin lan egin guran, eta egiten duzun lan guztiek axola dute. Oso txikiak izan arren, denak dira garrantzitsuak, jendeak deitu egiten baitizu egin dituzun gauza txiki horietako batzuk entzun dituelako. Denak du garrantzia. Ez du inporta izen handiekin lan egin izanak, hala ere, egia da horrek laguntzen duela. Nik, esaterako, Rolling Stone eta Red Hot Chilly Peppers bezalako izenekin lan egiteko pribilegioa izan dut gazte-gaztetatik; hiruzpalau urtez etengabe diskoak kaleratzen aritu nintzen. Momentu horretan, profesional eta ingeniari gisa nire lekua zein zen jakiten hasi nintzen. Horrek guztiak jauzi egiten lagundu dit.
Saria bideodei bidez jasoko duzu. Gustatuko litzaizuke aurrez aurre jasotzea?
Noski. Nire agendak utzi izan balit, bertan egongo nintzateke, inongo zalantzarik gabe. Zoritxarrez, konpromiso tsunami bategaz egin dut topo, eta ezinezkoa izan zait.
Zer da Bermeo zuretzat?
Nire sustraiak izateaz gain, nire bizitzako hasierak dira, bai pertsona bezala, bai musika munduan. Ni musika munduan ibiltzearen errudun nagusia bermeotarrak dira. Txikitatik herriko musikariak izan dira nire influentziak. Influentzia bategaz geratzekotan, nire lehengusu Rufo Urbietagaz geratuko nintzateke, berak moldatu zizkidalako musika gustuak. Bera ere, zelanbait, sariaren irabazlea da.
Maila horretako artistekin lan egiten duzun bakoitzean, beti aurkitzen zara harritzen zaituen zerbaitegaz. Zerbaitekin geratzekotan, Michael Jacksonen hurbiltasunagaz edo bere moldatzeko gaitasunagaz geratuko nintzateke.
Pasatzen al zara Bermeotik?
Noizean behin joaten naiz. Azkenengoz , pasa den urtean egon nintzen. Europatik lanean nabilenean, aprobetxatzen dut bertatik pasatzeko, baina bisita laburrak izaten dira, pare bat egunekoak.
Planteatu al duzu egunen batean Bermeora bizitzera bueltatzea?
Egia esan, bai. Denok izaten dugu gure sustraietara bueltatzeko nahi hori. Gainera, etorkizun hurbilean izango ditudan proiektu batzueri esker, Bermeotik hurbilago izateko aukera izango dut, beraz oso pozik nago.
Ba al dakizu Bermeotarrek zure ibilbidea jarraitzen badute?
Jakitun naiz badirela bermeotar batzuk nire ibilbidea jarraitzen dutenak. Batez ere, txutxumutxuak edota izen handiekin lotzen nauten albisteak irtetzen direnean idazten didate. Dakizunez, jendeari izen handien bizitza jarraitzea gustatzen zaie.
Nolakoa da horrelako artistekin lan egitea?
Erronkari aurre egiteko prest bazaude, gauza erraza da. Aldiz, mentalki prest ez bazaude, egoerak gainetik pasatzen dizu. Lan horiek oso teknikoak edo mekanikoak direla uste duen jendea erratu egiten da. Sormen prozesu horietan izugarri ikasten dugu. Garrantzitsuena, egindako lanak jendea hunkitzea da.
Kontatu al diguzu izen haundikoa artistaren batekin bizitako gauza bitxiren bat?
Maila horretako artistekin lan egiten duzun bakoitzean, beti aurkitzen zara harritzen zaituen zerbaitegaz. Zerbaitekin geratzekotan, Michael Jacksonen hurbiltasunagaz edo bere moldatzeko gaitasunagaz geratuko nintzateke. Jacksonek bazekien zerbait polita egiteko horrelakoa izan behar zela. Stevie Wonderrek ere asko harritu ninduen. Hamar urtez ibili ginen jo ta ke, bukatu ezin zuen lan bategaz. Beretzat hain garrantzitsua zen proiektu batean, nire gomendioak nola baloratzen zituen ikusteak asko pozten ninduen. Zure lana baloratu egiten dela ikustea baino sentsazio hoberik ez dago.
Zer sentitzen da 18 Grammy irabazita?
Jendeak zure lana estimatzen duenaren baliozkotze bat da sentitzen dena. Izan ere, ezin zaigu ahaztu Grammyen alde bozkatzen dutenak zure industriako lankideak direla: artistak, ekoizleak, musikariak… industriako profesionalen komunitate bat dira. Garrantzitsua da horiek irabaztea, baina uste dut garaile izatea baino garrantzitsuagoa dela izendatua izatea, zure proiektuek balio dutela ikustea. Irabaztea, berriz, ez dela horren garrantzitsua uste dut. Urte luzez lehen postu horietan egotea bada esanguratsua. Askotan egon naz izendatuta, 70 aldiz baino gehiagotan, eta askotan ez dut irabazi. Hala ere, lehen Grammya sorpresa handia izan zen, ez nuelako ezer espero. Ezusteko handia izan zen, oso esanguratsua.
Arriskatzeko aukera dudan lanak dira berezienak. Bide errezetik ihes egitea gustatzen zait.
Estilo guztiak landu dituzu. Zeinekin disfrutatzen duzu gehien?
Nire bihotzean beti egongo da rockarentzako toki berezi bat. Hala ere, denetarik egin dut, eta horrela jarraitzen dut. Niretzako, estiloa ez da garrantzitsuena, baizik eta jendeari emozionatzea. Hori lortzen baduzu, dena eginda duzu.
Zein da gehien saltzen duen estiloa?
Jendeari barruraino heltzen zaiona. Merkatuak, askotan, harritu egiten gaitu. Estilo guztiek izaten dute beren publiko zehatza, eta, beraz, garrantzitsuagoa da hunkitzea, lantzen den estiloa bera baino.
Ba al duzu egindako lan bereziren bat?
Arriskatzeko aukera dudan lanak dira berezienak. Bide errezetik ihes egitea gustatzen zait. Horietako lan batzuek ez dute arrakasta askorik izan merkatuan, baina pertsonalki oso aberasgarriak izan dira.