Lau sukaldari ezagun, atunaren jasangarritasuna sustatzeko
Mitxelin izardun sukaldariak bertaratuko dira Bermeora: Atxa, Aduriz, Arregi eta Guerrero. Atunaren jasangarritasuna bultzatzeko bi solasalditan egongo dira.
Gastronomia izango du ardatz aurtengo Arrain Azokak. Tokiko gastronomiari lekua eta balioa eman gura dio azokak, eta horretarako gune gastronomikoa jarriko dute Lamerako karpan. Hori dela eta, tokiko produktuak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izango dute herritarrek, baita topaketez, ikuskizunez edota Mitxelin izardun sukaldarien solasaldiez gozatzeko parada ere.
Bermeo Tuna World Capitalek antolatuta, Eneko Atxa, Andoni Luis Aduriz, Aitor Arregi eta Diego Guerrero sukaldari ospetsuak eta Mitxelin izardunak bertaratuko dira Bermeora, eta atuna izango da landuko duten produktu nagusia; horren jasangarritasuna bultzatzearen garrantziaz eta beharraz ariko dira berbetan.
Izan ere, atunaren jasangarritasuna bultzatzea du helburu Bermeo Tuna World Capitalek, eta sukaldari horien ekarpenekin gizartea kontzientziatzea lortu dezaketela uste dute antolatzaileek. “Atunaren balio katean agente asko daude, eta era askotara landu daiteke produktu horren jasangarritasuna. Horietariko bat da produktu hori erabiltzen duten profesionalek, sukaldariek kasurako, atuna zelan erabiltzen eta tratatzen duten erakustea”, azaldu du Leire Egiarte Bermeo Tuna World Capitaleko kideak.
Gizartean eragiteko bozgorailu “ezin hobeak” dira Atxa, Aduriz, Arregi edo Guerrero bezalako izenak: “Erreferenteak dira, eta arrainaren tratamenduan espezializatuta daudelako eta abangoardiako sukaldaritza egiten dutelako aukeratu ditugu, baita jasangarritasunarekiko duten jarreragatik ere; izan ere, horretan sakontzea da lehen mailako sukaldari euskaldun hauekin lortu gura duguna”.
Pertsona erreferente eta ospetsuen bitartez, atunaren jasangarritasuna eta sukaldaritza jasangarriaren aldeko solasaldiak prestatu dituzte. Zehaztu dutenez, ez dute janaria prestatzeko tailer bat egingo, kontzientziazioa bultzatzea bilatuko dute, “euren bizimodua eta lan egiteko modua erakutsiz”. Izan ere, jasangarritasuna ez dute bakarrik euren lan esparrura edo lan eremura mugatzen, bizitzeko era modua dute. “Hori dena azalduko dute. Hala ere, arrainari buruzko hizketaldiak ere izango dira”, zehaztu du Egiartek.
Arraina eta gastronomia
Arrain azoka irekiko du Aduriz, Arregi eta Guerreroren arteko solasaldiak, eta azoka itxiko du, berriz, Atxarenak. Arraina eta gastronomia izango dute ardatz lehenengo hirurek, eta arrainaren jasangarritasunaz ariko da Azurmendiko sukaldaria azken egunean. “Euren gastronomian arrainak duen garrantziaz ariko dira gaurko solasaldian. Balioan jarri gura dute bertoko arraina, eta hori zelan erabiltzen, tratatzen eta prestatzen duten azalduko dute, baita zein den horretarako erabiltzen duten prozesua ere: nondik ekartzen duten, zer egiten duten…”.
Atxa jasangarritasunaren aldeko pausoez ariko da domekan. Izan ere, hori bultzatzeko gauza asko egiten ditu, zuzen-zuzenean arrainagaz zerikusia ez dutenak, baina bai zeharka; bide barriak lantzen ditu, eta zabaltzen dituen jatetxeetan gauza barriak jorratzen eta ezartzen ditu. Hala ere, arrainari buruz ere ariko da hizketaldian, asko errespetatzen duen sektorea delako arrantzarena. ”Garrantzitsua da jakitea ze arrain erosten den. Dena dago lerrotuta jasangarritasunagaz”.
Leire Egiarte: “Jasangarritasuna bultzatzeko gero eta beharrizan handiagoa dago”
Bermeo Tuna Worldeko kideak dio solasaldiak “oso interesgarriak” izango direla, eta zehaztu du Izaskun Moyano bermeoko kazetaria izango dela horiek gidatuko dituena.
Mitxelin izardunen solasaldiak “beharrezkoak” direla dio Egiartek, “gero eta beharrizan handiagoa dagoelako atunaren jasangarritasuna bultzatzeko”. Horregatik, uste dut, erreferente sozialak diren horiekin herritarren kontzientzietan eragin dezaketela. “Holako solasaldiekin eta kontatzen dutenarekin herritarrak kontzientziatzea bilatu gura dugu. Izan ere, eurek sukaldea zelan ulertzen duten ere azalduko dute, eta miresgarria iruditzen zait hori. Kontatu behar dena da eta denok ikasi beharrekoa”. Mitxelin izarrak izateaz gain, gizarte “lan garrantzitsu bat” daukate, kontzientziak astindu behar dituzte.
Nazioarteko foroa
Datorren urtean mundu mailako foro bat egingo da Bermeon eta Bilbon, BTWCk bultzatuta. Foro horretan, atunaren aldeko nazioarteko adierazpena egingo dute, eta atunaren balio katean parte hartzen duten agente desberdinek konpromisoak hartuko dituzte: elkarteek eta instituzioek, esaterako.
“Adierazpen aitzindaria izango da, baina adierazpena osatu aurretik, herritarrengana gerturatu gura dugu gure eskaera, eta Arrain Azoka baliatuko dugu horretarako. Izan ere, adierazpen unibertsal hori Bermeotik sustatuko dugu”, azaldu du Egiartek. Hori dela eta, gaia gizarteratu gura dute eta, horretarako, horma-irudi bat margoztuko dute azokan; bertan ikusiko da adierazpen horren puntu nagusienak zeintzuk diren. QR kode baten bidez, gainera, proiektuaren informazioa zabalduko dute, izan ere, jakin gura dute zein den jendeak atunaren jasangarritasunarekiko duen sentsibilitatea edo konpromisoa.