IX. Bizkaia Torneoak bost pilotari talde, bost pilotaleku eta hiru diziplina bilduko ditu
IX. Bizkaia Torneoa aurkeztu dute. Ekainaren 11n hasiko dute taldeka eta diziplina ezberdinetara jokatzen den txapelketa, eta Bilboko Aste Nagusiaren testuinguruan amaituko da. Bost talde egongo dira, eta bakoitzeko pilotariek binaka, bakarka nahiz lau t'erdian jokatu beharko dute.
Atzo aurkeztu zuten esku pilotako Bizkaia Torneoaren bederatzigarren egitaraua. Aurtengo txapelketaren nondik norakoak azaltzeko, aurkezpen agerraldian Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbao Ibarra izan zen, Aspe nahiz Baiko pilota enpresetako ordezkariekin batera. Horiekin batera, lehiaketan parte hartuko duten pilotariak ere izan ziren. IX. Bizkaia Torneoa ekainaren 11n jarriko da abian, Gallartan. Berezitasun modura, esku pilota egutegian taldeka jokatu ohi den txapelketa bakarra da. Taldeen izenek, gainera, deiadar mendien izenak izango dituzte: Oiz, Anboto, Kolitza, Ganekogorta, Sollube eta Gorbeia. Horrez gain, Bizkaia Torneoa hiru espezialitatetan jokatzen den lehiaketa bakarra ere bada; banakako, binakako eta lau t’erdiko txapelketa da.
Aurtengo egitaraua bost udalerritan jokatuko dute: Gallartan, Matienan, Zierbenan, Arrigorriagan eta Bilbon. Kanporaketak ekainaren 11, 12, 18 eta 19an jokatuko dira; final handia, aldiz, Bilboko Aste Nagusiaren testuinguruan jokatuko da, Bizkaia Frontoian. 24 pilotarik hartuko dute parte: binakako modalitatean, hamabik; lau t ‘erdian eta binaka, berriz, seina pilotarik. Talde bakoitzeko partaide zerrenda, aurkezpenean, zozketa bitartez erabaki zuten, eta taldeetako kapitainak, ordea, sailkapenaren araberako hurrenkera aintzat izanda izendatu zituzten. Ganekogorta taldean, Irribarria eta Zabaleta ariko dira bikoteka; Zabala, banaka; Elezkano II.a, lau t’erdian. Oiz taldean, Ezkurdia eta Rezusta ibiliko dira bikoteka; Zabala banaka, Pello Etxeberria lau t’erdian.
Pilotarien banaketa. Gorbeian, aldiz, Altuna III.ak eta Martijak bikotea osatuko dute, Salaberria banaka eta Dario lau t’erdian ibiliko diren artean. Sollube izenekoan, Laso eta Imaz izango dira bikotekideak, Bakaikoa bakarko ariko da, eta Agirre, berriz, lau t’erdian. Anboto multzoan, Urrutikoetxea eta Mariezkurrena II.a bikote izango dira; Alberdik banaka jardungo du; Peña II.ak, aldiz, lau t’erdian. Azken multzokoek, Kolitzakoek, Jaka eta Albisugaz jokatuko dute bikoteka; Zubizarreta III.agaz banaka, eta Artolagaz lau t’erdian.
IX. Bizkaia Torneoko txapelketa final-laurdenetako, finalerdietako eta finaleko kanporaketa sistemaren arabera jokatuko da. Kanporaketa bakoitzean gutxienez bi garaipen lortu dituen taldea sailkatuko da. Partidak 22 tantora jokatuko dira bikoteen kasuan, eta 18 tantora banakako kanporaketetan. Final laurdeneko bi kanporaketak ekainaren 11n eta 12an izango dira, Gallartan eta Matienan, hurrenez hurren. Lehen finalaurrekoa ekainaren 18an izango da, Zierbenan, eta bigarrena 19an, Arrigorriagan. Finalerdietan gailentzen direnek finalerako txartela eskuratuko dute. Txapelketako fase denetarako sarrerak www.entradasfronton.com webgunean egongo dira salgai, eta pilotalekuetako leihatiletan ere bai.