Indarberrituta eta gogotsu dator gastronomiaren Arrain Azoka
Gauzak "bertoko erara" ez diren beste modu batera egiten ikusteko, ikasteko eta hausnartzeko aukera emango du Arrain Azokak gaur hasi eta domekara bitartean. Boluntarioek prestatutako hegaluzea modu desberdinetan dastatzeko aukera egongo da; dirua osasun sistemak ordaintzen ez dituen 6 eta 12 urte bitarteko umeen tratamenduetara bideratuko dute.
“Arrantzaleak itsasoratzeko arrazoi nagusia da plateretara kalitate hobereneko produktuak ekartzea. Kontserberek helburu bera daukate: lehen mailako arrain kontserbak gure etxeetako mahaietara eroatea”, esan zuen Aritz Abaroa Bermeoko alkateak Arrain Azokaren aurkezpenean. Horregatik guztiagatik, gastronomiak “aparteko” garrantzia edukiko du egunotan, gaur hasi eta domekara bitartean. Bi urteko geldialdiaren ostean, gainera, indarberrituta eta gogotsu dator 28. Arrain Azoka.
Arrain Azoka iragartzeko zabaldu duten bideoan esaten duten moduan, “pertsonak beste era dagoz gauzak egiteko, eta hobeena beti da norberan amamarena”. Gauzak “bertoko erara” ez diren beste modu batera egiten ikusteko, ikasteko eta hausnartzeko aukera eskainiko du azokak; izan ere, adin guztietako herritar zein bisitarientzako programa zabala antolatu dute Arrain Azoka Elkartekoek herriko kultur talde eta eragileen laguntzagaz. Horiek guztiek giro ezin hobea ekarriko dute Bermeoko kaleetara, baina, batez ere, Lamerara eta Portuzarrera.
Bermeotarrak erraz sartzen dira giroan, eta horretan asko laguntzen dute herrian ohikoak diren mahonezko arropek eta zapiek. Hala, horiek armairuetatik atera eta soinean janzteko unea iritsi zaie bermeotarrei, biharkoan urdina izango baita herriko kolore nagusia, bermeotarrek gustuko duten modura.
Bermeo herri solidarioa ere bada, eta jai giroan ere ez dute hori atzean uzten. Hortaz, boluntarioek prestatutako hegaluzea modu desberdinetan dastatzeko aukera egongo da; dirua osasun sistemak ordaintzen ez dituen 6 eta 12 urte bitarteko umeen tratamenduetara bideratuko dute.
Tren zerbitzua. Bihar, Euskotrenek zerbitzua indartuko du, “jende gehiago aurreikusten den orduetan joan-etorriak errazteko”. Gernika eta Bermeo artean hainbat tren berezi ibiliko dira goizean eta arratsaldean, asteburuetako ohiko eskaintza osatzeko. Gauean, zapatu gauetako ohiko zerbitzua egongo da.