Aritz Abaroa: "Herrian ikaragarrizko gogoak daude Arrain Azoka heltzeko"
Arrain Azoka elkarteko presidente bezala modu presentzialean biziko duzun lehen azoka da. Nola hartzen duzu?
Batzar batean komentatzen genuen bezala, azoka hau 28. izan arren, guk 27 + 1. bezala hartzen dugu. Edizio oso berezia da, gertatutakoa eta gero. Aurretik daukagun uda honen lehen urratsa izango da azoka. Aurtengo edizio hau bi arrazoirengatik hartzen dugu horren pozarren. Alde batetik, azokak suposatzen duen giro bereziagatik. Bestetik, guretzako eta gure ekonomiarentzako horren garrantzitsua den erakusleiho bat berreskuratzen dugulako.
Nolako giroa arnasten da herrian?
Herrian ikaragarrizko gogoak daude azoka heltzeko. Egun hauetan, jende desberdinagaz egoteko aukera izan dut, eta denak daude ilusioz gainezka. Eguraldiari begira ari dira uneoro, eta egongo diren ekintza guztiekin oso pozik daudela aitortu didate. Pasa ditugun bi urteen ostean, herriak merezi du horrelako asteburu bat edukitzea.
Nolako garrantzia dauka herriarentzat Arrain Azokak?
Gure erakusleihorik onena da. Gure izateko era eta gure bermeotartasuna erakusteko erakusleihoa da. Azken batean, Bermeo itsasoa, arraina eta produktua da. Elementu horiek erakusteko momentu eta une egokiena da.
Nola biziko duzu azoka?
Egun horiek bizi-bizi biziko ditut. Konpromiso pila bat ditut. Hainbat ekimenetan parte hartzeko asmo eta gogoagaz nago. Komunikabide ezberdinekin egoteko aukera ere edukiko dut. Azokara jende eta kolektibo berri asko etortzen direnez, eurekin egoteko gogoa daukat. Hiru egun oso konpleto izango dira, baina oso gogotsu hartzen ditut.
Nola zabalduko duzue Bermeoren izena?
Arrain Azokak urtero gai bat edukitzen du. Aurton, gastronomia aukeratu dugu, bere osotasunean. Bertoko produktua hartu dugu oinarritzat, atuna kasu honetan. Atuna mundu guztian kontsumitzen den produktu bat da, mundu guztitik datorrena. Azokari eta herriari zabalkundea emango dion ekintzetako bat da herrian 11 Michelin izar izango ditugula. Inguruko bost sukaldari onenetarikoak izango ditugu geugaz, Andoni Luis Aduriz, Aitor Arregi, Diego Guerrero, Sergio Zarate eta Eneko Atxa. Gure betiko gastronomia era berriztatzaile batean ezagutuko dugu. Beraiek hemen egotean, posizionamendu bat lortuko dugula uste dut. Gainera, ez ditugu ahaztu behar gure enpresa arrantzaleak eta kontserberak. Kontserbera hauek gaur egun mundu guztian daude posizionatuta, eta horrek gure produktua ezagutzera eramaten du.
Nola moldatu zenituzten pandemia garaiko Arrain Azoka biak?
Lehenengo eta behin, hori posible egin zuten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Bizitzako arlo guztietan bezala, pandemiak kasu honetan ere, moldatzeko beharra ekarri zigun. Enpresek moldatzeko gaitasun hori daukatela erakutsi zuten. Arrain Azoka bizirik mantentzeko gogoa erakutsi zuten, eta hori baloratu egin behar da. Horrez gain, oso esperientzia positiboa izan zen. Horri esker, munduko leku desberdinetara iristeko aukera eduki genuen. Bereziki, nazio mailan, baina haratago ere. Horren positiboa izan zen, aurten ere modu birtualean egongo direla gauza batzuk.
Nola aldatzen da azoka herritar arrunt bat izatetik elkarteko presidente izatera?
Ekintza gehiagotan egon beharra ekartzen du. Azken finean, azoka beste era batera bizitzeko aukera izango da. Presidente izan edo ez izan, bermeotarra naizen heinean, lagunekin ondo pasatzeko aukera ere edukiko dut. Arlo formal horretatik aparte, azokako jai giro eder horretaz gozatzeko aukera ere izango dut. Bata eta bestea dominatuko ditugu…
Etorkizunera begira, ze bultzada eman nahi zaio Arrain Azokari?
Arrain Azoka guretzako estrategikoa da, bai udalarentzat zein sektorearentzat. Azoka profesionalizatzen joan behar dela uste dugu. Orain arteko guztia mantenduz, beste atal profesionalago bat sortzen joan behar gara. Sektorearentzako erreferente izango den azokako bigarren parte bat lantzea da gure asmoa, hau da, enpresa arteko topaketak sustatuz, sinergiak sustatuz edota erakunde publiko eta pribatuen arteko topagune bat bilakatuz.