Abiatu da bermeotarren izaera, tradizioa, nortasuna eta produktuak biltzen dituen Arrain Azoka
Arrantzaren balio kate osoaren erakusleiho "ezinhobeak" ekintzaz beteko du asteburua. Rafa Sardina grabazio ingeniari bermeotarrak jaso du Hegaluze Saria, eta beretzat "ohorea" dela esan du. Andoni Luis Aduriz, Aitor Arregi eta Diego Guerrero sukaldari ezagunak solasaldian aritu dira gune gastronomikoan, eta herritarrek giroz bete dute Lamera ingurua. Bermeoko udal eraikinetako garbitzaileek "egoera prekarizatuan lanean diharduten emakumeen lan baldintzen aldeko borrokan" jarraitzen dutela adierazi dute.
Abiatu da 28. Arrain Azoka. Bermeoko izaera, tradizioa, nortasuna eta produktuak balioan jartzen dituen azokak ateak zabaldu ditu gaur eguerdian, eta asteburu osoan zehar, denetariko produktuak eskeiniko dizkie herritarrei eta kostako herrira hurreratzen diren bisitariei.
Bermeotarrak erraz sartzen dira giroan, eta hori argi geratu da lehenengo momentutik; izan ere, azoka zabaldu bezain laster bertan ziren azokaz gozatzeko gogoz. “Esperotako egun handia dela, produktu onenak dastatzeko aukera ezin hobea” dela diote bizilagunek. Adi-adi ikusi eta probatu dituzte azokan eskainitakoak, eta bihar ere jai giroan elkartuko direla adierazi dute.
Maiatzeko hirugarren asteburua gorriz markatutako data da bermeotarrentzat, tradizioa kaleratzeko eguna. Euren izana eta izena lau haizetara zabaltzen dituen azoka hartzen dute herrian, herritarren argazki bizia dena. “Gure gureak ditugun itsasoa, kresala, arraina eta beroren testuinguruan loturiko ekonomia, ohiturak eta ondarea uztartzen dituen azoka da”, adierazi du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak. Gehitu du azoka hau “arrantzaren balio kate osoaren erakusleiho ezinhobea” dela, beste urrats bat garapen ekonomiko eta sozialaren lanketan. Izan ere, balio kate hori osatzen duten eragileek apustu sendoa egin dute eta egiten dute herri eta eskualdearen garapenean, berrikuntzan eta jasangarritasunean. “Bermeo arrantza barik ezin da ulertu. Gure nortasuna portura lotuta dago eta etorkizunera begira ere gure sektore hau zaindu eta bultzatu beharra daukagu”, esan du alkateak.
Bermeoko bajurako arrantzaleek kilometro 0ko jakiak bermatzen dituztela gogoratu du, eta kontserba sektoreak ere kalitatezko produktuen aldeko apustu irmoa egin duela aitortu du, “jasangarritasunean eta kalitatean oinarrituriko produkzio sistemen bidez.
Hori dela eta, enpresei eskatu die Bermeo eta Urdaibairen balioa sortzen eta munduan eredu izaten jarraitu dezatela, “inguru eta sektorearekin daukaten errespetuzko praktikak indartuz”. Herritarrentzat eta kontsumitzaileentzat ere mezu bat izan du: “Jarri dezagun balioan gure arrantzale eta kontserberek egiten duten lana eta kalitatezko apustua. Erosketak egiterakoan pentsa dezagun atun lata edo arrain fresko eta ultrakonjelatuaren atzean dagoen baliokatea, pertsonen lana eta berrikuntzaren eta gure herriaren aldeko apustua”.
Bermeo urteko 365 egunetan arrain azoka izatea dela guztien helburua adierazi du alkateak, eta horretarako itsasoko jaiak eskualdeko sukaldeetan eta jantokietan eskaintzen jarraitzeko lanean jarraituko dutela esan du. Era berean, Bermeo eta arrantzaren arloko sektore eta produktuak merkatu zabalean kokatzeko estrategiak ere landuko dituztela dio.
Rafa Sardina.
Irekiera ekitaldian, gainera, aurtengo Hegaluze Sariaren irabazleak parte hartu du: Rafa Sardina bermeotarrak. 1968an jaiotako grabazio ingeniariak herrian ematen den sari garrantzitsuena jaso du modu birtualean. Online konektatu da Kaliforniatik eta eskerrak eman dizkie bermeotarrei.
“Ohorea da niretzat Hegaluze Saria hartzea. Bermeon pertsona modura hazi eta hezi nintzen. Bermeo gauza asko dira niretzat, familia, lagunak eta festa. Oso herri magikoa da, berezia. Bizitzeko modu bat da, herritarrengan islatzen dena”, adierazi du sarituak.
Zehaztu du hainbat proiektu dituela esku artean, Abbey Road estudioan ekoizpen eskola bat sortzea tarteko: “Ilusio handia egiten didan proiektua da, egiten dakizuna beste batzuei irakasteko proiektua delako”.
Lehen mailako musika ingeniariaz gain, hiru Mitxelin izardun sukaldari elkartu ditu gaur Arrain Azokak. Andoni Luis Aduriz, Aitor Arregi eta Diego Guerrero sukaldari ezagunak Bermeotaz, arrainaz eta gastronimiaz berbetan aritu dira.
Arregik adierazi du euskaldunek itsasotik datorren izaera dutela, eta Adurizek Arregiren adierazpena berretsi du: “Itsasoko kultura dugu, eta egungo errealitatera hori egokitzen ari gara. Jasangarritasuna bultzatzen ari gara orain, produktuen iraunkortasuna bermatzeko”.
Tuna Forum.
Bermeo Tuna World Capital Arrain Azokan sortu zen duela lau urte, hamabi bazkidegaz bakarrik. Gaur egun 37 dira, eta bertan, atunaren balio kate osoaren ordezkariak daude. Hazten dabilen elkartea da, jende kopuruan zein ekimenetan. Datorren urterako, Tuna Forum mundu mailako foro bat antolatu dute, Bermeon eta Bilbon egingo dena. Foro horretan, atunaren aldeko nazioarteko adierazpena egingo dute, eta atunaren balio katean parte hartzen duten agente desberdinek konpromisoak hartuko dituzte: elkarteek eta instituzioek, esaterako.
Adierazpen aitzindaria izango da, baina adierazpena osatu aurretik, herritarrengana gerturatu gura dute eskaera, eta Arrain Azoka baliatu dute horretarako. Izan ere, horretarako, horma-irudi bat margoztuko dute azokan; bertan ikusiko da adierazpen horren puntu nagusienak zeintzuk diren. QR kode baten bidez, proiektuaren informazioa irakurri daiteke, izan ere, jendea sentsibilizatu gura dute.
NBEra eroango dute eskaera, munduan 6 milioi tonelada atun baino gehiago arrantzatzen direlako urtean, eta itsasoek ez dutelako gehiagora ematen: “Espezie horien jasangarritasuna bermatu gura izanez gero, arrantzatzeko ereduak aldatu behar dira. Izan ere, 6 milioi tonelada horietatik %20 legez kanpoko arrantza da”.
Atunaren jasangarritasuna bermatzeko asmoz antolatu dira BTWC elkartekoak, eta horregatik sortu dute adierazpen unibertsala. “Adierazpena munduko atunaren arrantzaren sektorea eraldatzeko eredu izatea gura dugu. Beti gauza bera bermatuz: baliabidearen iraunkortasuna. Izan ere, atuna desagertuz gero, itsasontzia, ontziolak, kontserberak… desagertuko dira. Eta, guk, gure hurrengo belaunaldiek elikadurarako proteina natural hau izaten jarraitzea gura dugu”. Mundu mailako eguna nazioarteko instituzioekin elkarlanean egin gura dute, baita enpresa pribatuekin ere.
Ekimen honek nazioarte mailako “erakusleihoan agertzeko aukera” eskainiko diola Bermeori adierazi du alkateak, “aukerak zabalduz, eta batez ere arrantza eta kontserba sektoreak inguruneagaz, produktuekin eta sektoreko langileekin egiten duen jasangarriatasuna, ekonomia zirkularraren eta kalitatezko produktuen aldeko apustua azaleraziz eta balioan jarriz”.
Garbitzaileen protesta.
Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian egon dira baita ere Bermeoko udal eraikinetako garbitzaileak. 245 egun daramate greban, sektore horretan “egoera prekarizatuan lanean diharduten emakumeen lan baldintzen aldeko borrokan”.
Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute soldata arrakalarekin amaitzea eta lanaldi partzialen erregularizazioa gauzatzea. “Gizonak nagusi diren kale garbikuntzarekin alderatuz gero, eraikinetako garbitzaileok %45 gutxiago irabazten dugu. Gainera, esan bezala, ia guztiok lanaldi partzialak ditugu”, adierazi dute. Zehaztu dutenez, Bermeoko garbiketan hamarkadak lanean daramaten emakumeen artean batek bakarrik dauka lanaldi osoko kontratuta: “Lanaldi osoan irabazten dituen 1.000 euro horietatik oso urrun gaude gainerako langileok”.
Gatazkari hasiera eman ziotenetik 9 hilabete pasa badira ere, ez dute bilerarik izan enpresa eta udalagaz, biekin batera. Hala ere, enpresagaz joan den astean batzartu zirela onartu dute, baina ez zutela adostasunik lortu esan dute: “Uste dugu gure eskubideak aitortzeko eta egoera konpontzeko momentua dela”.