Amets baten bila oholtzaratuko dira jubilatuak martitzenean
Bi urte geldirik egon eta gero, oholtza gainera igoko dira Gure Arbola Zaharra taldeko jubilatuak, martitzenean, 17:30ean, Elai Alai aretoan.
Gernika-Lumoko Elai Alai aretoko oholtza gainera igoko dira berriro Gure Arbola Zaharra taldeko jubilatuak martitzenean, 17:30ean. Tras un sueño antzezlana taularatuko dute, bi urte geldirik egon eta gero. “Pandemiako bi urteak pasatu eta gero, eszenatokietara igoko gara berriro. Gogotsu gaude, ilusioz beteta. Izan ere, antzerkiak gogoz betetzen gaitu, gure eguneroko errutinatik aldatzen gaitu”, adierazi du Mila Artetxe antzezlanaren zuzendariak.
20 urteko gazteen itxura artuko dute aktoreek. Izan ere, egileak dio bi emakumeren ametsak lortzeko bidea jorratzen duela obrak, euren helburuen bila etxetik ateratzea erabaki duten bi gazteren bizipenak. “Bizi diren herritik hiri handiago batera joatea erabakitzen dute gazteek, han, euren ametsa bilatzeko. Lehenengo bata abiatzen da, eta, gero, bestea. Hirian antzinako lagunekin topo egingo dute, eta nesken bizipen horiek kontatuko ditu antzezlanak. Batak ez daki zehazki zeren bila doan, eta, besteak, ospea bilatu gura du, kantaria eta ospetsua izan gura duelako; herrian lortzea ezinezkoa izango litzaiekeen hori lortu gura dute”, azaldu du Artetxek. Helburuak lortzeko bide horretan, hainbat pertsonekin bat egingo dute, izan ere, 11 dira antzerki taldeko antzezleak.
Komedia da egingo dutena, jendeak barre egiteko “beharrizana” duelako: “Bakoitzaren etxean arazo desberdinak daude, eta arazoetatik aldentzeko aukera ona da komendia. Jendeak gozatzea bilatzen dut, baita arazoetaz ahaztea ere”.
Gainera, Artetxek dio antzezlanaren pertsonaiak aktoreen gaitasunen eta nahien arabera sortu dituela. “Denboraldia amaitzen dugunean, hurrengo aldian zer egin nahi duten galdetzen diet aktoreei, zer izan nahi duten galdetzen diet, eta ekarpen horien arabera sortzen ditut pertsonaia berriak”, azaldu du zuzendariak.
2020an sortu zuen testua, baina iaz moldatu egin behar izan duela aitortu du, taldeko Itziar Isusi hil egin zelako: “Lana hamabi pertsonentzako idatzi nuen, baina Itziar azaroan zendu zen. Taldeko kide garrantzitsua zen, denetarik egiteko prest zegoen, eta bere omenez antzeztuko dugu”.
Terapia.
Antzerkia prestatzeko entseguak irailean abiatu zituzten, eta berriro batzea “oso hunkigarria” izan dela dio zuzendariak. “Denok geneukan batzeko gogoa, egunerokotasunetik ateratzeko zerbait egin gura genuelako eta elkar ondo ezagutzen dugulako; izan ere, 13 urtez aritu gara batera, eta berriro batzea pozgarria izan da”, esan du zuzendariak.
Izan ere, antzerkia “terapia” da eurentzako, memoria lantzeko modu entretenigarria: “Terapia da guretzako, testua gogoratzerakoan memoria lantzen dugulako. Gainera, elkarregaz barre asko egiten ditugu, ondo pasatzen dugu. Momentu pozgarri bat da, lagunekin egoteko momentua. Aktibo mantentzeko aitzakia ere bada”.
Irailean hasi ziren elkartzen, astean behin eta maskarak jantzita. “Aurten oso lasai aritu gara, pandemiaren ondorioz ezin genuelako jendaurrean erakutsi. Hala ere, egoera hobetu da eta egindako lana erakusteko aukera dugu orain”, dio Artetxek. Orain, baina, “urduri” daude, “antzezteko eta ondo egiteko gogoz”.
Herritarrei antzerkia ikustera joateko deia egin diete Gure Arbola Zaharra taldeko kideek, eta jubilatuei antzeztera animatzeko deia ere egiten diete: “Taldea sendotu gura dugu, eta bertaratzeko deia egiten diegu giro politean batzen garelako”.