Gerra Presoen Ospitale Militarrean hildakoak omenduko dituzte
Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarrean azken presoa hil zen egun berean omenduko dituzte han zendutako 269 gerra presoak. Ekainaren 3ko omenaldiaz gain, beste hiru ekitaldi egingo dituzte, dokumentalaren proiekzio bat eta bi hitzaldi.
Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean hil ziren 269 presoak omenduko ditu Pipergorri Kultur Alkarteak ekainaren 3an, 17:00etan, Zalloko hilerrian. Horrez gainera, ospitale militarrari buruz gehiago jakiteko eta memorian sakontzeko ekitaldiak prestatu dituzte, maiatzaren 29tik ekainaren 9ra bitartean.
269 in memoriam izena jarri diote ekainaren 3ko omenaldiari, hildakoen memoria berreskuratzeko eta horiei duintasuna emateko ekitaldia izango delako. Antolatzaileek zehaztu dutenez, ekitaldi instituzioanala izango da, baina hildakoen familiako batzuk ere hurreratuko dira udalerrira. “Hildakoen zerrenda irakurriko da, eta izanari izena emango diogu. Izan ere, gizarte modura halako ekitaldiak beharrezkoak dira, memoriarako gune aproposa izango delako”, adierazi du Amagoia Lopez de Larruzea Pipergorriko kideak. Esan du Segundo Olaeta Musika Eskolak musikatuko duela ekitaldia eta Irene Ojanguren sorpranoak ere parte hartuko duela. Azken presoa hil zen egun berean omenduko dituzte han zendutako 269 gerra presoak; azkena izan zen Benito Fernandez Gonzalez, asturiarra.
Ekainaren 3ko omenaldiaz gain, beste hiru ekitaldi egingo dituzte. Lehenengoa, Los hijos del Hierro dokumentalaren proiekzioa izango da, eta ikus-entzunezkoa proiektatzeagaz batera, bertan egongo da Miguel Muñoz proiektuaren koordinatzailea. “Horretan aditua da, eta oso lan interesgarria egin du”.
Proiekzioaz gain, historiarekin lotutako bi hitzaldi ere egongo dira. Omenaldiaren bezperan, Carmen Garcia Garcia Oviedoko unibertsitateko irakasleak errepresioari buruzko berbaldia eskainiko du, Asturias inguruko errepresioan sakonduz. “Bera da Asturiaseko biktimen datu basearen arduraduna. Bere hitzaldiagaz lagunduko digu ulertzen zelakoa izan zen gerraostea Asturiasen. Gainera, 73 asturiar hil ziren Gernikan, eta leku berezia eman gura genien proiektu honetan”, azaldu du Lopez de Larruzeak.
Bigarren hitzaldia Jon Penche Gonzalez EHUko irakasleak zuzenduko du: El costo humano de la guerra civil y represion franquista en Euskadi. “Informazioa batzen lan asko egin du, datu baseak begiratu ditu, artxiboak arakatu, elizateko erregistroak ikus… informazio asko dauka esku artean, eta Gernikako ospitale militarra garaiko testuinguruan kokatzen lagunduko digu”, argitu du antolatzaileak.
Memoriaren beharra.
Memoria inklusiboa landu behar dela arrazoi hartuta, memoriaren elementu ezberdinak bildu dituzte Pipergorri Kultur Alkartekoek: “Gernikarron memorian kapitulu hau jaso behar dugu. Bonbardaketa gogoratu behar dugu, baina baita bonbardaketa ostekoa, ospitale militarrarena, fusilatuena edo preso hildako esklabuena ere. Badira gorde behar diren elementuak, horrek memoria beteagoa sortuko baitu”. Pipergorrikoen kasuan, memoria errepublikarra berreskuratzea bilatu dute, ospitale militarraren garaiko kapitulua “ahaztuta” egon delako; izan ere, “Gernika hutsik zegoen eta berreraikitze lanak beranduago hasi ziren, beste gauza askoren artean”.
Memoriaren ezagutza “garrantzitsua” dela diote, eta horren zabalkundea egin behar dela uste dute. “Zabaldu egin behar dugu dakiguna, ikertzen duguna, aztertzen duguna, dokumentatzen duguna. Gizarte moduan hori partekatu behar dugu. Beharrizan demokratikoa da, gizarte modura egin beharreko kontua. Urte asko pasatu dira, baina sekula ez gabiltza berandu”, arrazoitu dute.
Liburua, online.
Pipergorrikoak duela urte bi hasi ziren ospitale militarrean hildako presoak oroitzeko memoria aztertu eta zuzentzen, baina pandemia tarteko, ezin izan dute omenaldia egin.
2020ean memoriaren interbentzio bat egin zuten hilerrian, Jose Ibarrolaren eskutik, eta preso guztiak omentzeko plaka berria jarri zuten han. Duela gutxi, 1938-1940 Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarra liburua argitaratu zuten, Gernikazarrakoen lan historikoa eguneratuz eta zuzenduz; datu basean zuzenketak gauzatu zituzten. “Momentu honetan, lan horren zabalkundea egiten ari gara, ale digitala kaleratu dugulako, eta hori sareetan zabaltzen ari garelako, baita beste esparru batzuetan ere. Familiei banatu diegu, euren herrietako udaletxeetara bidali ditugu, baita liburutegietara ere, eta ale digitala ere zabaldu dugu. Gaur egun, Bakearen Museoaren webgunean dago irakurgai eta eskuragai. Euskal Herriko e-liburutegien sarean ere badago, baita Aragoiko liburutegien sarean ere”, zehaztu dute.
Adierazi dutenez, garrantzitsua da horren zabalkundea egitea, datu zuzenak eta identifikazio zuzena zabaltzea. “Asteon bertan, esaterako, Alicanteko familia bat gurekin jarri da kontaktuan, izan ere, ikusi dute euren senidearen izena ondo jarrita dagoela hango Elxeko webgune batean, guk emandako datuekin. Hori da egindako lanaren giza dimentsioa”, diote.