Zabalik dago Mendatako herriko taberna
Domekan zabaldu zituen berriro ere ateak. Mendatako Udaletik azaldu dutenez, Artape tabernak eskaintza "erakargarri" bategaz zabaldu ditu ateak.
Mendatak zabalik dauka herriko taberna: Artape. Domekan zabaldu zituen berriro ere ateak. Mendatako Udaletik azaldu dutenez, eskaintza “erakargarri” bategaz zabaldu ditu Artapek ateak. Ostalaritzan adituak diren hiru profesionalek hartu dute taberna eta jatetxearen ardura. Mendatako alkate Joseba Malleak esan du “oso pozik” daudela arduradun berrien “profilagaz eta profesionaltasunagaz”.
Artape herriko taberna zabaltzea udalaren helburu “garrantzitsua” izan da: “Herritarren elkargune eta aisialdirako gune moduan daukan funtzioagatik batetik; eta bestetik, herriko gune dinamizatzaile ez ezik, eskualdeko beste udalerri batzuentzako dinamizatzile ere izan ahal delako, ezaugarri bikainak baititu”.
Artape udal taberna izanik, herriaren dinamizazioan laguntzeko “konpromisoa” daukala jakinarazi dute udaletik: “Herriko jai eta ekitaldietan parte hartu behar dute, lanerako beharrizana baldin badaukate mendatarrak kontratatzeko konpromisoa daukate, arreta euskaraz eman behar dute %100ean eta sukaldea eten bariko ordutegian zabalduta izateko konpromisoa daukate. Gainera, erosketa jasangarriagaz eta ingurumenarekiko errespetua agertu behar dute; horregatik, eskaintza gastronomikoaren zati handi bat km0 produktuekin osatuta egon beharko da. Horrez gain, hondakinen kudeaketa zorrotza egin beharko dute”.