Bermeoko bi atunontzi Senegalen geldirik daude
Senegalgo Gobernuak Europar Batasunarekin zuen akordio hautsi du eta bermeotarrak arrantza egin ezinik daude Senegalen.
Bermeoko atunontzi bi, Getariako bat eta Hondarribiako beste bat Senegalen daude gelditurik. Izan ere, Senegalgo Gobernuak Europar Batasunarekin zuen akordio hautsi du, eta arrantzarako baimena ukatu die lau euskal autonontziei. Hori dela eta, Dakarreko portuan geldirik daude urte hasieratik, arrantza egin ezinda.
Espainiako Arrantza Konfederazioak (CEPESCA) eginiko salaketan adierazi duenez, egoera “ulertezina” da atunontziek bizi dutena. Gainera, Darkarreko portuan geldirik dauden ontzien “babesgabetasuna” salatu du. Izan ere, ezin dira arrantza egitera atera eta ez dute irabazirik, baina soldatak eta portuko gastuak ordaindu behar dituzte. Besteren artean, arrantzaleen soldatak, mekanikoen soldatak, lizentziak eta portuko gastuak ordaintzen jarraitzen dute, eta “egoera jasaezina” bihurtzen ari da.
Egoera horretan, Cepescak Europako Batzordeari eskatu dio egoera “presaz arintzeko” eta hirugarren herrialde batean lan egiten duten Europako arrantzaleen interesak defendatzeko, kasu honetan moduan, herrialde batek arrantza akordioa urratzen duenean.
Era berean, Europak gatazka hau konpontzeko duen “axolagabekeria eta ezintasuna” ikusita, bertan dauden arrantzaleek Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantzako Idazkaritza Nagusiari eskatu diote enpresa armadoreen porrota eta lanpostuen galera saihesteko behar diren laguntzak aktibatzeko.
Akordioa.
2019an, Senegalgo Gobernuak eta Europar Batasunak 5 urterako kontratu bat sinatu zuten, 1,7 milioi euroren truke. Pasa den urtarrilaren 1ean dena jarri zen hankaz gora. Gobernu afrikarrak esan zuen europar ontziek ezin zutela arrantzarik egin, eta, egun horretatik, bertan dauden atunontzi europarrak lan egin ezinik daude.