Bakearen ekomonia aztergai
Gernika Gogoratuzek bakearen ekonomiari buruzko jardunaldia antolatu du astelehenerako. Izan ere, uste dute "beharrezkoa" dela etorkizun "baketsuagoa, jasangarriagoa eta parekideagoa" bermatuko duten eredu ekologiko eta sozialetaranzko trantsizioa egiteko aldaketak egitea.
Bakearen ekonomiaren, giza eskubideen eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Enpresen V. Laborategia antolatu du Gernika Gogoratuzek maiatzaren 23rako. Udalerriko elkarteak EhuGuneren, Reas Euskadiren, Economistas sin Fronterasen eta Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundearen laguntzarekin antolatu du jardunaldia.
Gernika Gogoratuzeko arduradunek diotenez, munduak bizi dituen klima aldaketak, desberdintasunen gorakadak, pandemiak eta Ukrainako gerrak agerian utzi dute erakunde sozial, politiko eta ekonomikoak “hauskorrak” direla. Hori dela eta, uste dute “beharrezkoa” dela etorkizun “baketsuagoa, jasangarriagoa eta parekideagoa” bermatuko duten eredu ekologiko eta sozialetaranzko trantsizioa egiteko aldaketak egitea.
Agertoki horretan, “zailtasun nagusiak” estrategia jakin batzuetan aldaketak egitea eta eragile eta erakundeek eraldaketa horretan izan behar duten “zeregina zehaztea” direla diote Gernika Gogoratuzeko arduradunek, eta horregatik antolatu dute jardunaldia.
Bide horretan, bakearen ekonomian adituak direnek euren ekarpenak plazaratuko dituzte astelehenean. Bakearen ekonomia berria lantzeko politika publikoek eta teknologiek duten eraginari buruz berba egingo dute Amador Fernandez Savater ikertzaileak eta Gema Galdon Clavell ikerkariak. Gero, bizitzaren zerbitzura dagoen ekonomia izateko egon beharko liretekeen eraldaketei buruzko solasaldian batuko dira Alvaro Campos EHUko doktorea eta Jose Ramon Mariño ATTAC Bizkaia Elkarteko ekonomialaria.
Erakundeek, enpresek eta arlo sozialeko eragileek eraldaketarako ekarpenak egiteko aukera izango dute eguerdian, eta Marian Diaz Reas Euskadiko eta Guillermo Miro Bilboko Merkataritza Gaberako kideekin hainbat estrategia eta proposamen aztertuko dituzte. Gainera, enpresek etorkizun parekide eta jasangarriagoa lortzeko egiten duten ekarpenaz ere ariko dira hainbat aditu. Galdera honi erantzuten saiatuko dira: Zer eraldaketa egin behar dira bizitzaren zerbitzura dagoen bizitza izateko?
Izen ematea.
Bakearen ekonomiaren bosgarren laborategiko saioa erdi presentziala izango da; Bilboko Bizkaia Aretoan eta online eskainiko da, izan ere, Gernika Gogoratuzeko Youtube kanalaren bidez emango dute. Hala ere, asteleheneko saioan egon gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute, eta horretarako ezinbestekoa da euren webgunean aurki daitekeen fitxa beteta bidaltzea; zehaztu dutenez, saioak doakoak izango dira.