Txapel orokor bat, gazte mugimenduetan parte hartzen duen jendearentzat
Apirilean aurkeztu zuten Gazte Euskaltzaleen Sarea, gazteen ikuspegia euskararen borrokara txertatua izateko asmoz, eta zapatuan manifestazioa egingo dute Donostian. Beñat Bilbao gernikarra sareko kidea da, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu.
Aurtengo apirilean Tolosan modu ofizialean aurkeztutako Gazte Euskaltzaleen Sareak, #EuskaraAurrera lelopean, zapatuan Donostian egingo duten manifestaziora deialdia egin die Euskal Herriko euskaltzale guztiei. Manifestazio horretan euskararen aldeko aldarria aireratuko dute. Talde horretako partaide da Beñat Bilbao gernikarra. “Euskararen aldeko borrokari zein aldarrikapenari gazteon ikuspuntua gehitu gura dion sarea”. Horrelaxe definitzen du Bilbaok aurkeztu berri den taldearen izatea eta noranzkoa.
Donostiko manifestazioagatik galdetuta, Gazte Euskaltzaleen Sareak zelan sortu zen azaldu du, lehenik eta behin. Bere berbetan, sare horren hazia 2016an ernaldu zen, Barañainen egin ziren GaztEraiki izeneko topaketetan; bertan, “hainbat talde, eragile feminista edota asanblada” elkartu ziren, denetariko langaiak jorratzeko. Gai horien artean zegoen, hain zuzen ere, euskara. Lehenengo saretze haren ondoren, Bizkai aldean izan zuen sare hark trinkotzerik nabarmenena, batik bat, Bilbo nahiz Algorta aldean.
“Euskararen aldeko borrokari zein aldarrikapenari gazteon ikuspuntua gehitu gura dion sarea da Agerraldia”
Lehen kontaktu ezartze hura gertatu eta bi urte ingurura, alegia, 2018an, Topa Gaitezen izeneko Bizkaiko Gazte Euskaltzaleen Topaketak egin ziren Portugaleten, eta bertan “saretzearen sakontzea eta diskurtso baten lehen urratsen eraikitzea” eman ziren, Bilbaoren ustez. Lehen helburua argia zen: zabalkundea. Kontaktuak egiteagaz, Bizkai mailara, lehenengo, eta, ondoren, Euskal Herri mailara jauzia egitea zen orduko asmoa. Zabalkunde haren gerizpean heldu ziren lehendabiziko ekimenak, “oso xumeak izan zirenak”, jarraian koronabirusaren pandemiak “prozesu guzti-guztia” errotik eten baitzuen. Dena dela, ekimen horietako bat aurrera ateratzea erabaki zuten: Gaztealdia.
Mugimendu hura Euskaraldiagaz modu paraleloan baina “oso bereiztuta” jaio zen. Bilbaok adierazitakoaren arabera, “Euskaraldiak euskararen erabilera indibiduala hauspotzen du, eta gu geu ere horrekin bat gatoz, baina, era berean, oso argi dugu arazoaren muina sakonagoa dela, eta, egun, ikusten dugu ez direla ematen euskaraz bizi ahal izateko baldintza egokiak, hainbat irizpide tarteko”. Behin Gaztealdia sortuta eta ordura arteko kontaktuak sendo sustraituta, “argi eta garbi” ikusi zuten jada bazela jendea euskararen borroka horren inguruan multzo gisa antolatua zegoena, eta, gainera, unibertsitateetako euskara taldeak ere aldarrikapenera batu ziren. Horrenbestez, iaz prozesua “bizkortzen eta formalizatzen” hasi ziren, eta urte honetan zehar “hamaikatxo asanblada” egin dituzte, egungo Gazte Euskaltzaleen Sarea ofizialki aurkeztu arte.
Diskurtsoa, “fintzeko bidean”. Gazte Euskaltzaleen Sarearen diskurtsoa euskararen inguruan lerrokatutako “denetariko planoekin” erlazionatuta dago. Dena dela, lotura zuzena du helburuagaz, hau da, “gazte belaunaldiak euskararen borrokara batzeagaz”. Horregatik, gazte mugimenduetan dabiltzan eragileen euskara “lehentasun modura ulertzea” bilatzen dute. Bilbaok argitu du oraindik diskurtsoa “fintzeko bidean” daudela, proiektua apirilean aurkeztu zutelako, baina metafora batean oinarritzen dute: “Nahi eta ezin“. Gernikarraren arabera, “hainbat dira euskaraz bizi gura duten gazteak, baina egungo egoerak ez du horrelakorik inondik inora ahalbidetzen, hainbat alderdiko oztopoak baitaude”. Traba horiek erabilera ohiturekin, arlo judizialagaz edota zabalkuntza mediatikoagaz lotuta daude.
“Hainbat dira euskaraz bizi gura duten gazteak, baina egungo egoerak ez du horrelakorik inondik inora ahalbidetzen, hainbat alderdiko oztopoak baitaude”
Batetik, hizkuntzaren ofizialtasunik eza salatzen dute: “Euskara, Euskal Herriko zenbait ingurunetan, oraindik ez da hizkuntza ofizial gisa ulertzen”. Bestetik, berriz, ofiziala izan arren, “hezkuntza ehuneko ehunean euskaraz egitea ezinezkoa delako, EHUn barne“. Horrez gain, aisialdi ereduei ere keinu egin gura die: “Argi dago egungo aisialdi eskaintzaren zati izugarri bat pantailen bitartez ematen dela, eta alor horretan euskararen presentzia hutsala da”. Alde horietan guztiek euskaraz bizitzeko “oztopoak besterik ez daudela” adierazi du Bilbaok.
Oraindik herrika edo eskualdeka antolaturiko egitura trinkorik sortu ez dute, eta, oraingoz, “norbanakoen eta unibertsitateetako eragileen lanetik” edaten du egitasmoak. Bestalde, jomuga globala “gazte belaunaldiak euskararen aldeko borrokan lerrokatzea” den arren, “komunikazioa eta saretzea hauspotzea” da lehenengo helmuga, momentuz: “Gazte mugimenduetan parte hartzen duen jendeari txapel orokor bat eskaini gura diegu, euskararen aldeko borroka praktikara eroateko, eremu bakoitzeko egoerak eta testuingurua aintzat izanda”. Adibideak ere baditu Bilbaok: “Herriren bateko gazte asanbladako kidea edota, demagun, Gasteizko unibertsitateko ikaslea izanez gero, Gazte Euskaltzaleen Sareak txikitasunetik abiatuta martxan jartzeko dinamikak eskaintzen ditu”.
Gaur-gaurkoz, saretzea “modu orokorrean” egitea eta “batasun handi bat lortzea” dute helmuga, eta, hortaz, ez dute lehen mailako jomugatzat “lurraldekako taldeak sortzeko prozesua abian ipintzea”. Bilbaoren ustez, “epe laburrera, ez da baloratzen Gernikako edota Ondarroako Gazte Euskaltzaleen Taldeak sortzea”. Lekuan-lekukorako salto horrek, beraz, itxaron egin beharko du.
“Epe laburrera, ez da baloratzen Gernikako edota Ondarroako Gazte Euskaltzaleen Taldeak sortzea, gaur-gaurkoz saretzea modu orokorrean egitea baita lehenengo helburua”
Donostiara deialdia. Gazte Euskaltzaleen Sareak deialdia zabaldu du zapatuan Donostian egingo duten manifestaziora bertaratzeko; #EuskaraAurrera traola erabilita, Telegramean mugitzen dabiltza. Donostian: profil argia topatzea espero dute: “Manifestazioan Euskal Herrian euskaraz bizitzea posible izatea gura duten pertsona oro aurkitzea espero dugu”. Hori bai, ez dute inongo adin edo bestelako mugarik zehaztu: “Beste hainbat eta hainbat borroka sozialen modura, euskararen aldekoa ere guztiz belaunaldiartekoa da; egia da Gazte Euskaltzaleen Sareko subjektuak, zelan edo halan, gazteak direla, baina zapatuko manifestazioa euskalgintzak aho batez babesten duen ekimena da, eta, ondorioz, eragile, talde edota euskararen aldeko militante guztiei zuzenduta dago”. Bilbaok ez dio helburu kuantitatiborik jartzen agerraldi horri; bere gurariak “euskararen aldeko militantzia begibistan geratzea eta, horregaz batera, pertsona gazteen presentzia nabaria egotea” dira.