Hasi da gazteak eta sareak euskaraz ehuntzeko Bziber lehiaketa
13 eta 16 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta lehiaketak irauten dituen lau asteetan, lau erronka ezberdin egin beharko dituzte parte hartzaileek.
Martxan dago euskara ingurune digitalean sustatzea helburu duen Bziber lehiaketaren bosgarren edizioa. TikTok sarean oinarritzen den euskarazko lehiaketa 13 eta 16 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta euskarazko eduki digitalak sortu eta partekatzea du helburu.
Lehiaketak irauten dituen lau asteetan, lau erronka ezberdin egin beharko dituzte parte hartzaileek. Ez da aurretiaz izenik eman behar, eta bi pauso baino ez dituzte jarraitu beharko gazteek: @bziber_lehiaketa kontua jarraitu beharko dute TikTok eta Instagramen eta erronkak bete dituztela egiaztatzen duten bideoak bidali edo profilera igo beharko dituzte; aurten, mezu pribatu baten bidez bidali daitezke.
Parte hartzaileek ez dituzte zertan lau probak egin behar sariak eskuratzeko. Izan ere, probak egin dituztenen artean egiten da zozketa, eta bi saridun izango dira proba bakoitzeko. Ondorioz, zortzi saridun egongo dira edizio honetan. Zehaztu dute zozketa guztiak lehiaketaren amaieran egingo direla, eta azken egunean iragarriko dituztela irabazleak, hau da, ekainaren 10ean.
Erreferenteak.
Bosgarren edizio honetan, Go!azen telesaileko Asier Burguete aktore eta dantzaria izango da lehiaketaren gidaria eta erronken sortzailea. Beraz gain, gazteentzako erreferente diren hainbat lagun eta tiktoker arituko dira probak zabaltzen sareetan. Denak dira oso aktiboak sarean euskarazko edukiak igotzen, eta gazte askorentzat eduki sortzaile erreferente bilakatu dira.