Penta futbol zelaiko aldagelak berritu dituzte
Igeltserotza, arotzeria eta margotze lanak egin dituzte, instalazioak "nabarmen hobetuz". Denboraldia amaitzen denean, berdegunea aldatuko dute.
Aurpegi berria daukate Penta futbol zelaiko aldagelek; izan ere, Bermeoko Udalak horiek berritzeko lanak egin ditu. Jakitera eman dutenez, igeltserotza, arotzeria eta margotze lanak egin dituzte, instalazioak “nabarmen hobetuz”.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak azaldu duenez, udaleko brigadak eta enplegu planaren baitan kontratatu dituzten langileek egindako lanari asker, Penta futbol zelaiko aldagelen itxura “asko hobetu” da.
Igeltsoratza lanak egin dituzte: alikatatu guztiak birpasatu dituzte, akatsak zuzendu, apurtutako baldosak ordezkatu eta hormetako eta sabaiko altxatuak zuzendu dituzte. Arotzeria lanei dagokienez, kaltetutako elementuak saneatu eta ondoren, margotu egin dituzte; ateak, markoak…konpondu eta margoztu dituzte, besteak beste. Apurtutako leihoak ordezkatu eta aldagelak barrutik margotu dituzte. Gainera, eserlekuak txukundu eta zoruan klorokautxo produktua aplikatu dutela azaldu dute.
Denboraldia amaitzen denean, berriz, Penta futbol zelaiko berdegunea ordezkatuko dutela jakitera eman dute, eta 198.183,57 euro bideratuko dituzte horretara. Lanok egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso dute, 78.460 euro, hain zuzen ere. “Berdegunea aldatzeko lanak amaitzen direnean, Penta futbol zelaiak beste itxura bat izango du”, esan du Abaroak.
Gainera, gogora ekarri dute duela gutxi zelaiko argiteria ere berritu zutela; LED sistema ezarri zuten, efizientzia “nabarmen hobetuz”.
“Pausoko joan gara, baina hartu genuen konpromisoa betetez, argiteria, aldagelak eta berdegunea berritzea lortu dugu. Kirol instalazio hau oso garrantzitsua da herriarentzako, herriko ume eta gazte askok erabiltzen baitute. GUre helburu estrategikoetako bat da herriko kirol instalazioak hobetzea, eta udal honek esfortzu handia egin du zentzu horretan”, esan du Abaroak.