Palestinarren mina sentitzen dute gernikarrek
Gernika Memoriaren Lekukok deituta, palestinarrek bizi duten errealitate hori salatzeko asmoz eta eurei elkartasuna bidaltzeko helburuz, elkarretaratzean batu ziren atzo 50 herritar inguru Gernika-Lumon: "Palestina, gernikarrok sentitzen dugu zure mina". Gainera, Shereen Abu Aqleh kazetariaren erailketa ere salatu zuten.
1948az geroztik, Nakba eguna gogoratzen da maiatzaren 15ero, duela 74 urte Israelgo estatua eraikitzeko eta hedatzeko asmoz indar sionistek palestinarren aurka abiatutako jazarpena plazaratzeko helburuz. Izan ere, ia 800.000 palestinar inguru bortxaz kanporatuak izan ziren euren bizileku eta lurretatik, 400-600 herri suntsituz bidean: “Konfiskazioak, herrien izen aldaketak, ekosistemak aldatzeko landaketak… bide guztiak baliatu zituen sionismoak helburua betetzeko”. Gernika Memoriaren Lekukok deituta, palestinarrek bizi duten errealitate hori salatzeko asmoz eta eurei elkartasuna bidaltzeko helburuz, elkarretaratzean batu ziren atzo 50 herritar inguru Gernika-Lumon: “Palestina, gernikarrok sentitzen dugu zure mina”. Gainera, Shereen Abu Aqleh kazetariaren erailketa ere salatu zuten.
Salatu zuten politika “anexionistari” eutsi diotela modu ezberdinez eta gogoratu zuten 5.000 preso palestinar daudela gatibu Israelgo espetxeetan: “Milaka eta milaka familia deserrotu dituzte orain arte. Eta deserrotu diogu, hori baita Israelgo estatuaren helburua: palestinarrak deserrotu eta desagerraraztea. Duela 2.000 urte inguru sustraiak bota zituen herria desagerraraztea, eskubide edo mandatu biblikoa aitzakia gisa hartuta. Milaka eta milaka familia erbesteratzea behartu dituzte 1948az geroztik, eta erbestean bizitera behartzea gutxi balitz, umiliatu ere egin dituzte”.
Zisjordanian eta Gazan babes hartu zuten palestinarrek harresietan eta lubakietan dituztela begiak diote Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek, baita “Israelek inposatutako checkpoint amaigabeetan utzi dutela pazientzia” ere. “Sorterria lapurtu eta betiko kartzelara kondenatu dituzte. Hori bihurtu baitira Zisjordania eta Gaza: kartzelak. Bertatik ezin atera, ezin amestu eta ezin bizi. Eta hori bizirik jarraitzen dutenek, genozidio honetan hildako palestinarrei aspaldi lapurtu baitzizkieten ametsak, Gazako herritarrei bonbekin lapurtzen dizkieten bezalaxe, noiznahi”, adierazi zuten atzoko elkarretaratzean.
‘Gernikak Gazari’-k 11 urte.
Egoera honetan, 2011. urtean Euskal Herrian sustatu zen Gernikak Gazari ekimena gogora ekarri zuen Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, eta orduko berbek egunerokotasun bera izaten jarraitzen dutela salatu zuten, “tamalez”.
Askatasunaren Ontzidia delakoak Gazara janariak eta botikak eramateko ekimena zen hura, eta, ontzietako batek, laguntzokin batera, Gernika izena zeraman idatzita. Gazan sartzea debekatu zioten, jazarri egin zuten eta erreprimitu. Mezu hau zeraman ontziak: Israelgo hiritargoari zuzentzen gatzaizkio, ahots ozenez zuzendu ere. halako gogo handiz itxaroten duzuen bakea eta ziurtasuna ez dizkizue besteak mendean hartzeak edota inoren lurraldeak zapaltzeak emango; aitzirik, gogor ekin behar diezue zuen agintaritzari, ez dezan populua bonbardatzen segi, palestinar herriaren eskubide zibil eta politikoak errespeta eta betearaz ditzan eta bere burua 1967az geroztik NBEk ebatzi dituztenen mende jar dezan. Gainera, palestinar herriak lurralde zehatz batean bere palestinar estatu independentea osatzeko duen eskubidea ere argi adierazita zegoen.
Eskubidea du aitzaki Israelek, baina plataformakoek ez dakite benetako eskubideez ari diren: “Ez dakigu, Gaza bonbaz jostea, Jerusalemen garbiketa etnikoa egitea, Zisjordaniako Hebron hiriaren erdian palestinarrak egunero metrailaz apuntatzen eta umiliatzen dituen kolonia israeldar bat sortzea, bertakoak izan arren umiliatzeko helburu bakarrarekin checkpoint amaigabeak jartzea, palestinarren baratzeak izorratu eta olibondoak moztea, haurrak ikaratzea, odol isuria edonola justifikatzea eta ostean begiak ixtea eskubidea den”.
Israelek palestinarrei 2.000 urteko sustraiak mozten dizkiela salatu dute horrela: “Hurkoa bonbaz eta tiroz hil, haurrei etorkizuna kendu, herriari baliabideak lapurtu, egua zentsuratu eta okerrena, herriari sustrataik moztu. 1937ko apirilaren 26an guri moztu zizguten bezala. Palestina, gernikarrok sentitzen dugu zure mina”. Gernikan historian zehar idatzitakoa irakurri dute, eta hori egiten jarraitzeko asmoa dute.