Unai Martin Delgado: "Mendia nire mugak bilatzeko bidea da, eta oraindik ez ditut topatu"
Unai Martin Delgado gernikarrak ultradistantziako mendi lasterketetan konpetitzen du. Bihar, Euskadiko Txapelketa lehiatuko du Azpeitian, eta ekainaren 17an Kantabrian bukatuko du denboraldia.
Nolatan hasi zinen mendian korrika egiten?
Duela zenbait urte, futbola utzi nuen, eta mendiak erakarri ninduen. Hasieran, oinez ibiltzen nintzen; jaitsieretan baino ez nuen lasterka egiten. Urteekin, maila igotzen joan nintzen, eta orduan hasi nintzen lehiatzen.
Zer da korrika egitetik gehien erakartzen zaituena?
Batetik, deskonexio bide bat da. Bestetik, mendia nire mugak bilatzeko bidea da, eta oraindik ez ditut topatu. Zelan ez, natura ere betidanik arrazoi erakargarria izan da niretzat. Dena dela, argitu gura nuke hemen mendirik ez dagoela, basoa baino. Adibidez, Durangaldera joaten naizenetan, bestelako kontua izaten da, bai desnibel aldetik, bai paisaia aldetik. Hortaz, nire burua baso korrikalaritzat dut.
Eta, bat-batean, ultradistantzira pasatzen zara.
Horren errua Irantzu Onaindiarena izan zen. Beragaz egin nuen lehen ultra proba, Enkarterrin, 2019an. Berari esker murgildu nintzen distantzia luzeen zurrunbiloan, eta orduz geroztik ez naiz atera.
Inguruan ultradistantzirako zaletasuna nabaritzen al duzu?
Mendizaletasuna egon, badago. Baina distantzia luzea gutxienen kontua da. Era berean, Arrolape Mendi Klubaren helburua gazteak eta, bereziki, emakumeak mendizaletasunera erakartzea da.
“Ultradistantziako probetan, alderdi mentalak ehuneko 90eko garrantzia duela esango nuke: gihar nagusia garuna da”
Zergatik egokitzen zaizkizu hain ondo distantzia luzeak?
Gehienbat iraupeneko korrikalaria naizelako; esfortzu esplosiboak ez ditut atsegin. Baina, batez ere, ultradistantziaren alderdi mentalak erakartzen nau. Nire burua mugara eroatea maite dut, nire bertsiorik onena emateko bide bakarra baita.
Zelan entrenatzen duzu?
Autodidakta naiz: nik neuk antolatzen dut entrenamendua. Hori lanagaz uztartzeak heldutasuna eskatzen du. Era berean, aukera ematen du lasterketa egutegia eta proba kopurua nahieran antolatzeko.
Zenbaterainoko esangura du alderdi mentalak?
Ehuneko 90eko garrantzia duela esango nuke: gihar nagusia garuna da. Ultra proba batean momentu oso txarrak pasatuko dituzula argi izan behar duzu, eta ostean gorakada datorrela sinistu.
Nolakoa izan zen zure debuta?
Duela hiru urte izan zen, Zaramillon. Enkarterri Extrem proban izan zen, eta Onaindiagaz parte hartu nuen.
Eta, hiru urte beranduago, proba berean seigarren egin duzu.
Oso urduri bizi izan nuen lasterketa, bikain prestatu bainuen. Proba horretan ikusi dut aurrerapausorik handiena. Duela hiru urte, zortzi ordu eta berrogei minutu behar izan nituen; aurten, zortzi ordutik behera egitea bilatu arren, zazpi ordu eta hamar minutuan gelditu nuen erlojua.
“Lasterketa egunerako zenbait ohitura ditut: bigotea uzten dut, ilea ebaki, eta beti erabiltzen deitut kaltzontzilo berberak”
Busturialdean zure ultra propioa ere egin zenuen, bakarka.
Bai. Gasteiz-Iruña proba bertan behera geratu zen, eta hango distantzia berbera nire ohiko entrenamendu bideetatik eta bakarrik egitea erabaki nuen. Beraz, 78 kilometro egin nituen. Zoriontasun eguna izan zen niretzat, eta zenbait lagunek asistentzia laguntza eman zidaten, gainera.
Baduzu lasterketetan laguntzen dizun ohiturarik?
Lasterketa astean ilea mozten dut, eta lehiatzeko beti uzten dut bigotea. Horrez gain, beti kaltzontzilo berberekin lehiatzea gustatzen zait. Txantxa modura hasi nintzen ohitura hori hartzen, eta orain beti errespetatzen dut.
Zein izango da zure hurrengo erronka?
Bihar Euskadiko Txapelketa lehiatuko dut, Azpeitian. 3.000 metrotik gorako proba da, eta zortzi ordutik jaisten saiatuko naiz. Bestalde, Kantabrian Los 10.000 del Soplao izeneko proban bikoteka lehiatuko naiz nire lagun min Ander Aranzabalegaz batera. Egun berezia izango da, bere ultradistantziako lehen proba izango baita; 116 kilometroko lasterketa izanda, ohorea izango da niretzat beragaz batera miseriak pasatzea.