Palestinarrei elkartasuna erakutsiko diete gernikarrek domekan
"Gernika-Palestina. Elkartasuna. Askatasuna!" lelopean batuko dira gernikarrak, 13:00etan, Merkurio iturrian. Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea izango da.
Palestinari eta hango herritarrei elkartasuna adierazteko eta Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea deitu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak. Domekan, 13:00etan, jarri dute Merkurio iturriaren aurrean batzeko hitzordua, Gernika-Palestina Elkartasuna. Askatasuna! lelopean, eta aldarrikapenak plazaratzeaz gain, Nakba Eguna gogoratuko dute.
“Maiatzaren 15ean 74 urte beteko dira Israelgo estatua eraikitzeko eta hedatzeko asmoz, indar sionistek palestinarren aurkako jazarpena abiarazi zutenetik. Nakba Eguna borroka eguna da palestinarrentzat, eta guk elkartasuna adierazi gura diegu”, azaldu dute plataformako kideek. Izan ere, “nondik gatozen” jakitea beharrezkoa dela uste dute, baita “herrien askatasunaren alde” ahotsa altxatzea ere.
Aurtengo deialdiari, gainera, bultzada berezia eman gura diote, izan ere, Israelek Shireen Abu Akleh kazetari palestinarra hil zuen atzo eta beste jazarpen berri batzuk abiatu ditu. “Joan den asteburuan ume bat hil zuen eta Bilbon ere sionisten jarrera hedatu zen zigorgabetasun osoz”, azpimarratu dute.
Palestinarren askatasuna aldarrikatu eta Israelen erasoak salatu ditu Gernika Memoriaren Lekukok, eta, gaineratu duenez, gernikarrek palestinarren mina sentitzen dute. “Eskubidea aitzakiatzat du Israelek baina ez dakigu, benetako eskubideez ari garen. Ez dakigu, Gaza bonbaz jostea, Jerusalemen garbiketa etnikoa egitea, Zisjordaniako Hebron hiriaren erdian palestinarrak egunero-egunero metrailaz apuntatzen eta umiliatzen dituen kolonia israeldar bat sortzea, bertakoak izan arren umiliatzeko helburu bakarrarekin checkpoint amaigabeak jartzea, palestinarren baratzeak izorratu eta olibondoak moztea, haurrak ikaratzea, odol-isuria edonolaz justi katzea eta ostean begiak ixtea eskubidea den”, azaldu dute.
‘Gernikak Gazari’-k 11 urte. Egoera honetan, 2011. urtean Euskal Herrian sustatu zen Gernikak Gazari ekimena gogora ekarri du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, eta orduko berbek egunerokotasun bera izaten jarraitzen dutela salatuko dute, “tamalez”.
Askatasunaren Ontzidia delakoak Gazara janariak eta botikak eramateko ekimena zen hura, eta, ontzietako batek, laguntzokin batera, Gernika izena zeraman idatzita. Gazan sartzea debekatu zioten, jazarri egin zuten eta erreprimitu.
Palestinarrek bizi dutena salatzeko asmoz, herritarrei ekintzan parte hartzeko deia egin die plataformak.